Plazan da Jose Mari Rementeriaren 'Euskerazko Dotrinak' liburua
2019-02-28 11:05 KultureaGaur aurkeztu dabe Jose Mari Rementeriaren Euskerazko Dotrinak lana Bilboko BBK Salan.
Gauza jakina da euskerea berandu heldu zala hizkuntza idatzira eta idatzizko produkzinoa beste hizkuntza batzuetan baino eskasagoa izan dala mendeetan zehar. Gure hizkuntza liburuetara ekarteko prozesuan, eleizgizonek dotrinea erakusteko egindako idatziak dira ezpalik emonkorrenetakoa.
Dotrina-liburuen bitartez, euskera landuaren transmisinoa bermatu izan da luzaroan gure artean. Liburu honetan, Trentoko Kontzilioa (1545) abiapuntutzat hartuta, egileak bizkaieraz argitaratutako dotrina guztien erregistroa jaso dau, eta ez bakarrik dotrina ezbardinenak, baita argitaraldi guztiena be.
Liburuotan euskera landuaren bilakaerea agirian jarten da eta horregaz batera, baita adibiderik onenak be.
Adolfo Arejitak, Labayru Fundazioko zuzendariak, dotrinen garrantzia azpimarratu dau hizkuntza landua edo jasoa ikasteko eta lantzeko. Hainbat urtean eskolan erderaz egiten zanean, dotrinea zan euskera erabilteko testuinguru bakarra etxetik kanpora, gizarte euskaldunetan. Dotrinagileek, gainera, ze erregistro erabili erabagi behar izan dabe, eta hizkuntza idatziaren bilakaera ezin da osotu idatziok kontuan hartu barik.
Jose Mari Rementeria (Etxebarria, 1940)
Abadea da eta Teologian diplomaduna. Ibilbide luzea egin dau bai erlijino gaien gaineko azterketak egiten, baita euskerea bera lantzen be. Euskal Eleizbarrutien arteko katekesi eta liturgiakio baliabideak itzultzeko batzordean parte hatzen dau, Elizen arteko Bibliaren itzultzaile taldeko kidea da eta Ohorezko euskaltzaina (2018).
Lan honek jarraipena izango dau ganerako euskalkietan egindako lanen bildumen bitartez.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!