Laugarren diskoa kaleratu dabe Dientes de Luna gernikarrek

Dabi Piedra 2019-02-27 13:15   Musikea

Zuzenekoetako energia diskoan erakusten ahalegindu dira.

Dientes de Lunako sei kideak, Bilbon, diskoa aurkezteko agerraldian | Ikusi handiago | Argazki originala

Rock musikea oinarri dala, zazpi kanta desbardin dakarzan diskoa plazaratu dau Dientes de Luna talde bizkaitarrak, Baga-Biga diskoetxearen eskutik. Atmosfera izeneko lan barri honetan, hiru abesti euskeraz dira, beste hiru gaztelaniaz, eta azkena instrumentala da. Izenburuan be nahaste horregaz olgau dabe, hizkuntza bietan zentzuna dauen berbea dalako atmosfera.

Laukotea izan zan hasieran Dientes de Luna, eta orduko erreferenteetan oinarrituta, gaztelaniazko abestiak egiten zituen batez be. Ondoren, boskote izatera pasau ziran eta gaur egun seikotea dira. Laugarren diskoa dabe hau dagoeneko, eta hasierako eraginetatik iges egin eta euren nortasunaren bila hasi dira. Hori dala eta, euskeraz kantu gehiago sartu ditue oraingoan, euren eguneroko hizkuntzea dalako azken baten.

Sarri galdetzen deuskue zergaitik egiten dogun gaztelaniaz, edo orain zergaitik hasi garen euskerea gehiago erabilten; guk erantzuten dogu, eta zergaitik ez?, azaldu dau Aimar Cid gitarra jole eta abeslariak. Kantu bakotxaren melodia sortzen dabe lehenengo, eta ondoren erabagi zein hizkuntza dan egokiena. Atmosfera diskoan, euren burua prest ikusi dabe euskerazko berba gehiago sartzeko.

Zazpi kantu dakarz lan barriak, ez da luzea. Izan be, kantu bakotxa ondo amaituta eta seiren artean adostuta egon arte, ez dira hurrengora pasetan. Denpora luzea eta ahalegin handia behar izan ditue, baina gustuko lana egin dabela dinoe, biribila.

Pop estilotik eta beste batzuetatik edaten dauen rocka da Dientes de Lunak dakarrena, indartsua eta sendoa. Kantu batzuk lasaiagoak dira, beste batzuk bizkorragoak, pieza batetik bestera aldaketa nabarmenak dagozalako, baina rock oinarria galdu barik. Zuzenekoetan daukien energia diskora eroatea izan da asmoa.

Metafora eta baliabide poetiko ugari ditu Atmosfera-k, baina eguneroko gaien inguruan berba egitea izan da gernikarren helburua. Barruan daukaguna atera nahi izan dogu, zehatz-mehatz esan barik, metaforen bidez, olgetearen modukoa da, azaldu dabe taldekideek, Bilbon egindako aurkezpenean. Diseinuaren aldetik, Martin Elgezabalek egin dau azala.

Zuzenean disko barriko kantak joteko gogoz dago Dientes de Luna seikotea, plazako taldea gara, azpimarratu dabe. Laster baten igongo dabe oholtzara, martiaren 9an daukie lehenengo emonaldia, Bilboko Azkena Aretoan. Hil horren 23an Santanderrera joango dira, eta apirilaren 12an, Madrilera. Hurrengo hileetan kontzertu gehiago zarratzeko lanean dabiz, esate baterako, Amurrion eta Durangon.

Atmosfera diskoko lehenengo singlea dan Orratz galduak kantuaren bideoklipa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu