Antxinako piztien hazurrak, Bilboko Arkeologi Museoan

Bizkaie! 2019-02-25 12:18   Kulturea

Besteak beste, Arrikrutzeko lehoiaren eskeletoa ikusi ahal izango da, garagarrilaren 14ra arte.

Gaur egun sinisten gatxa bada be, Afrikako sabanakoak baino haragijale handiagoak ibili ziran Euskal Herriko parajeetan orain dala milazak urte. Antxinako gizakiek ondo baino hobeto ezagutzen zituen hareek piztiak, eta hormetako marrazkien bidez lekukotasuna itxi eben. Ganera, animalion hazurrak eta aztarnak agertu izan dira. Horren guztiaren barri emoteko antolatu dabe Lehoiak elurretan. Arrikrutzeko lehoia erakusketea Bizkaiko Arkeologi Museoan, Bilboko Mallonako galtzadetan.

Izenburuak dinoan legez, Oñatiko Arrikrutz kobazuloan agertutako edurretako lehoiaren eskeleto ikusgarria ipini dabe erakusketan. 1966an topau eben hazurdurea, ezustean. Harrezkero, antxinako euskal faunearen piezarik harrigarrienetako bat da: Bizirik 1,20 metro altu eta 250 kilo zan.

Erakusketan, batez be, Goi Paleolitoko animalien aztarnak dagoz, orain dala 126.000 eta 11.700 urte bitartekoak. Bisonteak, uroak, oreinak eta zaldiak harrapau eta jaten zituen orduko gizakiek. Lehoiak ziran gizakien lehiakide nagusiak, baraila sendo eta hagin zorrotzei esker, erakusketan ikusi leitekenez.

Arrikrutzeko lehoiaren eskeletoagaz batera, Bizkaiko Obarretako kobazuloan agertutako kuoiaren hazurrak be ipini ditue (txakurraren eta azeriaren arteko nahasketea zan kuoia), baita Mañariko Askondoko kobako hartzaren buruhazurra be. Animalien beste fosil batzuk be ikusgai dagoz.

Ganera, kobazuloko lehoiaren eskultura hiperrealista bat ipini dabe, erakusketa honetarako beren-beregi egina, eta Arrikrutzeko lehoia topau eban Iñaki Zubeldiaren bideoa be bai. Gizakiek kobazuloetan egindako pinturen kopiak be badagoz, tartean Lekeitioko Armintxekoak.

Burgosko Giza Eboluzinoaren Museoaren idean oinarritu da Arkeologi Museoa erakusketea atontzeko, eta Asier Gómez Olivencia da komisarioa, EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikertzailea. Garagarrilaren 14ra arte zabalik egongo da. Martiaren 20an hasita, bisita gidatuak egongo dira eguazten eta bariku arratsaldeetan.

2019/02/27 - 2019/07/14

Bilbon, Bizkaiko Arkeologi Museoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu