Feten Saria emon deutsie Gorakada Teatrori
2019-02-25 10:35 KultureaUlisesen bidaia antzezlanari esker irabazi dau ikuskizun onenaren kategorian.
Egunotan egin dabe Asturiaseko Xixon urian Feten, umeentzako arte eszenikoen Europako jaialdi entzutetsua. Azken egunean, saridunen barri emon dabe, eta euskal konpainiek lekua egin dabe palmaresean. Aretoko ikuskizunen artean, ikuskizun onenaren Feten Saria Gorakada Teatrok irabazi dau, Ulisesen bidaia lanari esker (gaztelaniaz, El viaje de Ulises).
Zazpi urtetik gorako umeentzako antzezlan honetan, antxinako Grezian jatorria dauen Ulises heroiaren gorabeherak kontetan dira. Jainkoen haserrearen ondorioz, itsasoan noraezean ibili behar dau Ulisesek urteetan, bidean pertsonaia eta egoera bitxi ugari topauta. Bidaia baten historia da Ulisesena, baina baita bizitzearen metaforea be.
Homerok idatzitako istorioaren ganean Julio Salvatierrak idatzitako egokitzapenean oinarritu dira Gorakadakoak antzezlan hau sortzeko. Aritza Rodríguez, José Cruz Gurrutxaga, Fran Lasuen eta Javi Tirado dira aktoreak, eta José Carlos García zuzendaria.
Bestetik, emakumezko aktorerik onenaren saria, Yarleku Antzerkia konpainia nafarreko Eva Azpilikuetari emon deutsie, La casa más pequeña lanean egindako lanagaitik. Gatazkatik igesean, etxetik maleta bategaz alde egiten dauen Bettinaren istorioa kontetan da ikuskizun horretan. Normaren laguntzinoagaz, arazoei aurre egiten ikasiko dau. Errefuxiatuen bizipenen inguruko kontzientziazinoa bultzatzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!