'Green Book' filmak film onenaren Oscar saria irabazi dau

Bizkaie! 2019-02-25 09:02   Zinemea

Bohemian Rapsdy filmak irabazi ditu sari gehien, lau.

'Green book' filmako aktoreak eta zuzendaria. | Ikusi handiago | Argazki originala

Green Book filmak eroan dau sari nagusia bart Los Angelesen, Oscar sarien 91. edizinoan, eta sari gehien, lau, Bohemian Rapsody Freddie Mercuryren bizitzari buruzko filmak batu ditu: gizonezko aktore onenarena (Rami Malek), edizino onena, soinu edizino onena eta soinu nahasketa onena.

Zuzendari onenaren saria mexikar zuzendari batek eroan dau barriro, 2014tik bosgarrenez (Cuaronek Gravity filmagatik, Alejandro Gonzalez Iñarrituk bi eta Guillermo del Torok), Cuaronek irabazi dauelako Roma filman egindako zuzendaritza lanagaitik. Emakumeei eta ahaztuei eginiko omenaldi horrek ez dau film onenaren Oscar saria irabazi, baina bai atzerriko film onenarena, zuzendari onenarena eta argazkilaritza onenarena (Cuaronentzat berarentzat).

Gaueko sari nagusia Green Book Peter Farrelyren pelikuleak jaso dau, besteak beste, AEBko arrazismoa jorratzen dauen lan batentzat. Jatorrizko gidoiaren eta bigarren mailako gizonezko aktore onenaren (Mahershala Ali) sariak be irabazi dituan filmak Tomy Lipen (Viggo Mortensen) istorioa dakar: Bronxeko italiar-amerikar zakarrak Don Shirley pianista baltz trebearen gidari lanak egingo ditu, 1960ko hamarkadan, AEBko hegoaldean egingo dauen kontzertu biran.

Peter Farrelly zuzendariak agertokian esan dauenez, filmaren ardatza besteakazko maitasuna da.

Interpretazinoei jagokeenez, Olivia Colmanek gaueko ezusteko handienetakoa emon dau, Glenn Close faboritoari nagusitu jakolako emakumezko aktore onenaren sailean, The favourite filman Anna Ingalaterrakoaren larruan eginiko lanagaitik.

Bigarren mailako emakumezko aktore onenaren saria, ostera, Regina Kingek eroan dau, If Beale Street Could Talk filman egindako lanagaitik.


Free Solo


Chai Vasarhelyi eta Jimmy Chinen dokumentalak, Alex Honnold-ek Capitan hormatzarrean egindako igoerea erakusten dauenak, dokumental onenari Oscar saria irabazi dau, eskaladea ardatz dauen film batek sari hori irabazten dauen lehenengo aldia.


Azken buruan

Azken hogeita hamar urteotan aurkezle nagusi barik egindako lehen galan, Black Panther-ek, film onenaren sailean sekula izentautako superheroien lehen filmak ez dau sari nagusia eroan, baina zazpi izendapen zituan eta hiru sari irabazi ditu: jantzi onenena, produkzino diseinu onenarena eta soinu banda onenarena, Ludwig Göranssonen lanari esker.

Bestalde, Brian Hayes Curriek, Peter Farrellyk eta Nick Vallelongak jatorrizko gidoi onenaren saria irabazi dabe Green Book-egaitik, eta Spike Leek egokitutako istorio onenarena, BlacKkKlansman Ron Stallworthen liburua pantailara eroateagaitik.

Abesti onenaren saria Shallow-rentzat izan da, A star is born Lady Gaga eta Bradley Cooper protagonista eta azken hori zuzendari dituan kantuarentzat, izan be, horixe izan da galako momentu ederrenetakoa, Cooperrek eta Gagak kantu irabazlea interpretatu dabenekoa.

Era berean, hunkigarria izan da Guillermo del Torok eta Alfonso Cuaronek agertoki gainean alkarri emondako besarkadea, igazko zuzendari irabazleak Cuaroni bere laugarren Oscarra emon deutsonean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu