Feminismo eskuzabal eta eraldatzailea nabarmendu dabe 2019ko Zirgari Sarietan

Bizkaie! 2019-02-22 13:23   Kulturea

Pilar Pérez-Fuentes, Tartekari Sarea, Athleticeko emakumeak, Patri Espinar eta IZAR dira saridunak.

Nora Sarasola eta Teresa Laespada (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k emoten dituen Zirgari Bardintasun Sariko irabazleen barri emon dabe, hilabetez herritar guztiei zabalik egon dan parte-hartze prozesua amaitu eta gero. Bost saridun izentau ditue, zeinek bere arloan emakume eta gizonen aldeko bardintasunean aletxua ipini dabenak: Pilar Pérez-Fuentes historialaria, Tartekari Sarea, Athletic Cluben emakumezkoen atala, Patricia Espinar pilotaria eta IZAR Cutting Tools enpresea.

Enplegua, Gizarte Inklusinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputadu Teresa Laespadak eta BBKren Gizarte Ekintza Arloko zuzendari Nora Sarasolak emon dabe irabazleen barri. Laespadak esan dauenez 2019ko Zirgari sariek zera agertu dabe: Ikuspegi feminista, eskuzabala, justizia zalea eta gizartea eraldatzeko prest dagoana. Zuri-baltzeko egia erabatekoetatik kolore ugaridun askotarikotasun heterogeneora eta oparora eroango gaitu. Feminismoaren eta emakumeen sasoian gagozala dino Laespadak.

Nora Sarasolak, bestetik, BBK-k bardintasunagaz dauen konpromisoa azpimarratu dau. Lana eta bizitzea buztartzeko politiketan bardintasuna sustatuko dogu, lortu behar da gizonak eta emakumeak gauza izatea euren lan-betebeharrak beteteko eta, aldi berean, denpora libreaz gozetako. Gauza bera egin behar da langileen soldaten orekan be, ganeratu dau.

2019ko Zirgari Sariak banatzeko ekitaldia Bilboko BBK Salan egingo dabe martiaren 6an. Emakumeen Nazinoarteko Egunaren, martiaren 8aren, aste berean izango da, hortaz.

Hona hemen saridunen merituen inguruan antolatzaileek emondako azalpen gehiago:

- Pilar Pérez-Fuentes, Ohorezko Zirgari Saria: Konpromiso feministea eta feminismoaren teoria kritikoa Historia arloan apliketan aitzindari izan da, baita 1970eko hamarkadatik emakumeen eskubideen eta bardintasunaren alde egin dauen aktibistea be. Emakumeen historia eta generoa bultzatzen lehenengoetakoa, eta erreferente akademikoa.

- Emakume boluntarioen Tartekari Sarea: Emakume boluntariook Bizkai osoan indarkeria matxistearen kontra egiten dabe lan. Arlo askotako 38 elkartetako 70 emakume baino gehiagok  indarkeriaren kontrako prebentzinoan, sensibilizazinoan eta biktimen laguntzinoan jarduten dabe. Emakumeen arteko ahiztatasunaren bultzatzaile be badira.

- Patri Espinar: Esku-pilotan, paletan, futbolean, mendian, piraguismoan… trebetasuna agertu dau, oztopoak oztopo. Kirol maskulinizaduetan aurrera egin dau, amore emon barik.

- Athletic Club: Emakumeen taldea gizartearen erreferente bihurtu da. Mundu guztian eragin ikaragarria dauen kirol batean, futbolean, dira erreferente, normalean gizonenak izan diran espazioak aldarrikatuz. Horri esker, San Mames ia goraino bete eben oraintsu.

- IZAR Cutting Tools: Emakume askorik ez dago sektore industrialean, baina Zornotzako lantegiak bardintasunaren aldeko konpromisoa hartu, eta hainbat emakume behargin ditu. Lana eta bizitzea buztartzeko aukerak emoten ditue eta soldata bereizkeriarik ez dago gizon eta emakumeen artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu