Artziniegako museoa barriro edegiteko akordioa

Bizkaie! 2019-02-22 08:50   Kulturea
Antxinako bizimodua erakusten dau museoak (argazkia: Artziniegako Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Proiektua finantzietako arazoak zirala eta, Artziniegako Museoa zarratu behar izan eban Artea etnografia alkarteak orain dala aste batzuk, eta erakunde publikoei babes eta inplikazino handiagoa eskatu eutsen. Protestak egon dira herrian urtenbideren baten alde, eta azkenik heldu da: Jaurlaritzeak, Foru Aldundiak eta Udalak akordioa egin dabe, museoa barriro zabaldu deien.

Adostutakoaren arabera, aurten 70.000 euro inguruko gastua izango dau museoak, eta Jaurlaritzeak eta Arabako Aldundiak erdibana pagauko dabe, bakotxak 35.000 euro. Gastua hortik gora joango balitz, aldea Artziniegako Udalak ipiniko leuke. Epe luzera biziraupena bermatzeko, bideragarritasun plana be egingo dabe, behar ekonomikoak zehatzago ezagutu eta hurrengo urteetako plangintzea egin ahal izateko.

Arabako Foru Aldundiaren oharraren arabera, ikuspegi ekonomikoa ez eze, hezkuntza eta museografiaren alderdiak be jorratuko ditue bideragarritasun planean, Artziniegakoa XXI. mendeko museo bihurtzeko. Artziniegaren garapen ekonomikorako eta bertako biztanleen onurarako ezinbestekoa da, Aldundiaren ustez.

Artea etnografia alkartea pozik agertu da, baina urtebetean erakundeen partetik urtenbiderik topau ez eta museoa itxi eta gero horren bizkor ados jarri izana kritikau dau. Negoziazinoetan parte hartu dau alkarteak, eta azken zehaztasunen inguruko beste batzar batzuk antolatu ditu. Datorren astean Artziniegako Museoa barriro zabaltzeko aukerea aitatu dau Arteak, dana ondo badoa. Foru Aldundiak gehienez hile biko epea ipini dau museoa barriro edegiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu