'Bidean' diskoa plazaratu dau Maider Zabalegik

Bizkaie! 2019-02-22 08:12   Musikea

Bakarkako bigarren diskoa dau musikari oiartzuarrak.

Maider Zabalegi, ezkerrean, diskoa aurkezten (argazkia: Baga-Biga) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizitzea bidaia baten modukoa dala dino Maider Zabalegik, beti martxan eta inoz ez dakigu noz amaituko dan. Plazaratu dauen lan barriko kantuak be halakoak dira, entzulea atrapetan dabe, hasiera eta amaiera jakinik ez daukan melodia jarraitu bat osotu arte. Horregaitik, Bidean ipini deutso izenburua disko honi. Baga-Biga diskoetxeak argitaratu dau.

Bakarkako bigarren diskoa dau Maider Zabalegik, baina Zuei izenekoan Maider izena erabili eban huts-hutsean; oraingoan, izen-abizenak ipini ditu azalean. Ilusinoz eta bizipozez sortu ditu Bidean-eko abestiak, eta sensazino hori eragin nahi deutso entzuleari be. Danetara, pop-rock estiloko bederatzi pieza dira, baladak, amerikar folka, rocka eta countrya tartekatuta. Badagoz kantu lasaiak, baita arinak be, alaiak eta sentikorrak.

Gai intimoak, sarri bere eguneroko bizipenetatik hartuak, aukeratu ditu Zabalegik: Esate baterako, aitita-amamekin pasautako momentuak, Lanbrotuta kantuan. Etxetik alde egin behar izan dabenak, minez dagozanak, hurreko nor edo nor galdu dabenak... be gogoan hartu ditu diskoan.

Bidean egiten gehien lagundu deutsana Gorka Urra izan da. Harenak dira grabazinoa, produkzinoa eta argazkiak. Ganera, nahasketak eta masterizazinoa egin ditu, Beñat Igerabidegaz batera. Hori gitxi ez, eta Maider Zabalegiren alboan joten dauen bandako kidea da.

Diskoaren grabazinoan parte hartu daben ganerako kideak honeek dira: Urbil Artola, Maria Soriazu, Karlos Aranzegi eta Santi Romano. Kolaboratzaileak be izan ditu kantu batzuetan, berbarako, Matthieu Haramboure, Peio Gorrotxategi, Joseba Loinaz, Cristina Vertiz eta Xabi Solano. Grabazinoa Lezoti estudioan egin eben.

Zirrarak abestiaren bideoklipa ikusi hemen.

Argazkia: Gorka Urra

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu