Bularreko minbiziaren inguruko jantzea, Arriagan
2019-02-21 12:23 KultureaMikel del Valleren Agate Deuna obrea estreinauko dabe gaur.
Bularreko minbiziaren kontra burrukan dabizan edo ibili diran emakumeei omenaldia egingo deutse Mikel del Valle euskal koreografoak, Bilboko Arriaga Antzokian gaur, eguena, aurkeztuko dauen Agate Deuna (Bildurrari aurre egiten deutsien emakume ausartak) ikuskizunean. Emakumezkoen arketipoen inguruko jantza garaikidea da oinarria.
Bost jantzari gaztek igongo dabe oholtzara, gaixotasun, bildur, sufrimendu eta indarretik ibilbidea egiten dauen koreografia aurkezteko. Claudia Bosch, Laura García, Daniel Martínez, Paloma Calderón eta José Ruiz dira bost jantzariok. Mikel del Valle be agertokian egongo da jantzan.
Musika arloa be aitagarria da: Miren de Miguel sopranoak zuzenean abestuko ditu Julio D'Escrivan konpositoreak sortutako piezak. Era berean, obreagaz bat datorren video mapping-a atondu dau Mauri Martin Marinek. Eszenografia Ricardo Sanchez Cuerdarena da.
Estetika koreografikoa euskal kulturan tipikoak diran mobimendu eta pauso tipikoetatik abiatzen da, pixkanaka jantza garaikideagaz buztartzeko. Ikuskizunean, desoreka fisikoan dagozan gorputz egiturak agiri dira, gorputz-atalak ebagi deutsiezan emakumeak irudikatuz. Alde horretatik, 262. urtean hildako Agate Deunaren figureagaz bat egiten dau ikuskizunak, izenburua bertatik hartu dau, izan be, bularrak moztu eutsiezen santuari.
Agate Deuna obrearen estreinaldirako Bilboko Arriaga Antzokia aukeratu dabe. Hitzordua iluntzeko 19:30ean da eta sarrerak 8,50 eta 25 euro bitartean salduko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!