Euskal zinemeak hartuko dau Gasteiz datorren astean

Bizkaie! 2019-02-21 09:11   Zinemea

Bertoko sortzaileek egin edo produzidutako filmak emongo ditue.

'Carmen y Lola' filmeko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Astelehenean, hilak 25, hasiko da Gasteizko 35. Euskal Zinemearen Astea, Vital Fundazinoak antolatuta. Martiaren 2ra arte, azkenaldion estreinau diran film ezagunak ikusi ahal izango dira, baita ospe gitxiago izan arren balio zinematografiko handia dabenak be. Saio bakotxean, film labur bat eta beste luze bat emongo ditue. Vital Fundazinoaren aretoan izango dira proiekzinoak, 20:00etan.

Euskal sortzaileek egin edo produzidutako filmak batzen ditu Zinemearen Asteak, euskeraz zein gaztelaniaz. Inaugurazinoaren egunean, Enrique Reyren Visibles film laburra ikusi ahal izango da, 40 urtetik gorako LGTBI personen errealidadea erakusten dauena. Egun berean, Carmen y Lola film luzea be egongo da. Arantxa Etxebarriaren filmak Goya sari bi irabazi barri ditu.

Bigarren egunean, Gaizka Urrestiren Mi querido balón laburra eta Igor Legarretaren Cuando dejes de quererme luzea izango dira egitarauko pelikulak. Zezeilaren 27an, ostera, Pello Gutierrezen Zain eta Telmo Esnalen Dantza. Hilaren azken egunean, Josu Martinezek zuzendutako Ama emongo dabe, Paul Urkijoren Errementari-ren aurretik. Azken hau, euskeraz egindako film ezagunenetako bat bihurtu da azkenaldion.

Martian, jaialdiko azken egun bietan, maileari eutsiko deutso Zinema Asteak. Izan be, David P. Sañudoren Ane eta Koldo Almandozen Oreina proiektauko ditue hilaren 1ean; eta 2an, Imanol Ortizen Moda eta David Gonzalezen La noche nos lleva.

Jaialdi honetan, ikusleak izango dira epaile. Saio bakotxaren amaieran, botoa emon ahal izango dabe eta holan erabagiko da irabazlea. Azken eguneko itxiera galan emongo deutsie saria irabazleari eta, ganera, Gutako Bat Saria jasoko dau Arabako zinemagintzako profesional batek, baina oraindino ez dabe esan nor izango dan.

Egitaraua hemen.

2019/02/25 - 2019/03/02

Gasteizko Vital Aretoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa