Arantxa Etxebarria bilbotarrak irabazi dau zuzendari barri onenaren Goya saria

Bizkaie! 2019-02-04 10:05   Zinemea

Aurtengo protagonista nagusia El Reino izan da: Zazpi Goya eroan ditu.

Arantxa Etxebarria, Goya saria hartzeko momentuan (argazkia: Goya Sariak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sevillan egin da asteburuan Espainiako Zinemearen 33. Goya Sariak emoteko ekitaldia. Euskal ordezkaritza zabala egon da, eta sari batzuk be ekarri ditue etxera. Dana dala, beste film batzuk izan dira protagonista nagusiak, batez be El Reino eta Campeones.

Rodrigo Sorogoyen zuzendariaren film luzeak eskuratu ditu Goya gehien aurtengo edizinoan, El Reino zazpi garaikurregaz joan da etxera. Tartean, zuzendari onenaren eta gizonezko aktore onenaren sariak, azken hori Antonio de la Torrerentzat.

Bestetik, hiru Goya sari irabazi ditu Javier Fesserren Campeones-ek. Film onenaren garaikurra eskuratu dauenez, galako irabazle handienetakotzat jo dabe. Ganera, Jesus Vidalek txalo asko jaso ditu, aktore barri onenaren saria hartzen joan danean, gitxiagotasun psikiko bat dauen lehenengo irabazlea da eta.

Campeones eta El Reino albo batera itxita, emakumezko aktorerik onenaren Goya saria Susi Sanchezentzat izan da, La enfermedad del domingo lanagaitik. La sombra de la ley be aitatzekoa da, lau Goya irabazi ditu eta, danak alor teknikoetan izan badira be.

Arantxa Etxebarria zuzendari bilbotarraren Carmen y Lola izan da aurtengo edizinoko film barritzaileenetako bat. Neska ijito biren arteko maitasun-istorioa kontetan dau, beste era bateko maitasunak erakutsi eta aldarrikatzeko asmoz. Etxebarriaren ahaleginak ordaina izan dau, zuzendari barri onenaren saria emon deutsie eta.

Raul de la Fuente eta Amaia Ramirez nafarrak be Goya saria eskuan bueltau ziran etxera. Kasu honetan, animazinozko film onenagaitik, Un día más con vida lanagaitik. Josu Intxautegi bizkaitarrak argazkilaritza onenaren saria irabazi dau, eta Clara Bilbaok jantzien diseinu onenarena, biek La sombra de la ley filmagaitik.

Errementari be esperantza handiagaz joan da Sevillara. Paul Urkijoren filmak efektu berezien atalean izendapena euki dau, baina azkenean esku hutsik bueltau da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu