Danak protagonista Bilboko Aratusteetan

Dabi Piedra 2019-02-20 12:56   Kulturea

Zezeilaren 23tik martiaren 5era, ekitaldi ugari atondu ditue.

Jai Batzorde Mistoko kideak, egitaraua mozorrotuta aurkezten (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aratusteen sasoia heldu da Bilbora, Jai Batzorde Mistoko ordezkariek mozorrotuta egin dabe agerraldia zezeilaren 23an hasiko dan egitarau zabalaren barri emoteko. Zinemea izan da Bilboko Udaleko eta Konparsetako ordezkarien jantzien gaia, Bilbo uri zinematografikoa dala aldarrikatu nahi izan dabelako. Aratusteak superprodukzino handi baten modura aurkeztu ditue, eta uritar guztiei parte hartzeko deia egin deutse: Ez dogu figuranterik nahi, danok protagonista izango gara.

Egitarauaren lehen partea musikala izango dala azaldu dabe Jai Batzordekoek. Kopla txapelketea egongo da Kafe Antzokian, zezeilaren 23an, eta ondoren Anita Parker taldearen kontzertua, doban. Eguenean, hilak 28, Fritanga elektrotxarangeak eta Itzalak taldeak alaituko dabe giroa. Lehengo sasoien gomutan, 1985eko lehenengo lehiaketea irabazi eban koplea kantauko dabe bilbotarrek.

Gastronomiak be ez dau hutsik egingo. Aratusteetan tradizino handikoak diran tostadak eta pontxea izango dira protagonista hilaren 23an, lehiaketearen 8. edizinoan. Martiaren 3an, indaba lehiaketea egingo dabe Plaza Barrian.

Barikuan, martiak 1, Farolin eta Zarambolasen epaiketea egingo dabe, Plaza Barrian, 19:30ean. Egun horretan, Bilboko Aratusteetako mozorro tradizionalak jazteko deia egin deutse Jai Batzordeak herritarrei. Zapatua jaiaren bihotza izango dala aurreratu dabe: Aratusteak Bilboko erdigunea hartuko dau bete-betean. Umeen jarduerak, fanfarreak, jantzak, azokea, kontzertuak... egongo dira, baita mozorroen kalejirea eta lehiaketea be.

Martitzenera, martiaren 5era arte jaiak ez dau etenik izango. Egun horretan, baina, sardinea erreko dabe. Plaza Barrian hasiko da hiletea, eta azken agurra Arriagan izango da. Bederatzi eguneko jaia, edade eta gustu guztiko herritarrei zuzendua, bilbotar zein bisitarientzako aproposa izango da. Egitaraua hemen.

Aurkezpena amaitzeko, Jai Batzorde Mistokoek gogora ekarri dabe emakumeen kontrako erasotzaileek ez daukiela papelik superprodukzino honetan. Jaia guztiona dala eta askatasunez bizi behar dogula aldarrikatu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu