Basque Teamek, Athletic Clubek eta Eibar Kirol Alkarteak lankidetza akordioa sinatu dabe
2019-02-20 12:09 KultureaGoi mailako euskal kirola sustatzea da hitzarmenaren helburua.
Futbol klub biek, erantzukizun sozialari jarraituz, goi mailako euskal kirola bultzatzeko apustua egin dabe eta arlo ekonomikoan lagunduko dabe. Basque Team Fundazinoak bidelagun barri bi izango ditu goi mailako euskal kirola babestu, sustatu eta zabaltzeko helburuari begira: Athletic Club eta Eibar Kirol Alkartea. Eusko Jaurlaritzeak eta EiTBk 2007an sortu eben Fundazino honek lankidetza akordioa sinatu dau erakunde biekaz eta, horren arabera, erakundeen laguntza ekonomikoa izango dau helburuak lortzeko. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Aitor Elizegi Athletic Clubeko presidenteak eta Amaia Gorostiza Eibar Kirol Alkarteko presidenteak aurkeztu dabe hitzarmena.
Akordioaren aurkezpena Euskadiko Artxibo Historikoan egin da, talde biek zapatuan jokatuko daben derbiaren atarian, eta alde guztiek nabarmendu dabe pausu honen garrantzia goi mailako euskal kirola sustatzeko bidean: Eusko Jaurlaritzeak eta Basque Teamek eskertu egin nahi dogu Athletic Clubek eta Eibarrek erakutsitako eskuzabaltasuna. Basque Team Fundazinoak 50 bekadun baino gehiago ditu, eta euren modalidadeetan munduko onenen arteko kirolariak dagoz tartean. Halan da be, zoritxarrez, diziplina horreek normalean ez dira profesionaltzat hartzen, eta askotan kirolariek baliabide gehiago behar izaten ditue nazinoarteko hitzorduetan lehiatzeko. Akordio honi esker, baliabide gehiago izango ditugu goi mailako euskal kirola bultzatzeko, adierazo dau Bingen Zupiria sailburuak.
Gaurko ekitaldian, Mailen Chorraut eta Ander Elosegi Basque Teameko kirolari olinpikoek bideo bat bialdu dabe Australiatik, bekea daben kirolari guztien izenean esker ona helarazoteko asmoz Athletic Clubi eta Eibarri.
Hitzarmenaren arabera, Athleticek 179.000 euro jarriko ditu urtero goi mailako euskal kirola sustatzeko eta Eibarrek 70.000 euro. Kopuru horreek talde bakotxaren aurrekontua aintzat hartuta kalkulau eta ez dira aldatuko akordioak irauten dauen bitartean. Hitzarmenak 2019ko urtarrilaren 1ean sartu ziran indarrean eta urte biko iraupena izango dabe (2020ko abenduaren 31ra arte), urte biko epeetan luzatzeko aukerea jaso dalarik.
BAT Fundazinoa
Basque Teamek garrantzi handiko eginkizuna dau gizartean: kirolari loturiko balioak zabaltzea, aniztasunaren alde egitea, hobetzeko nahia eta personen integrazinoa bultzatzea edota kirol-kulturea sustatzea. Elementu horreek guztiek gizartea egituratzen dabe, eta Basque Teamen proiektuari balioa emoten deutse. Bere ezaugarri eta jarduera propioei esker, Euskadiko kirol-munduan aparteko espazio bat eratzen dau BasqueTeamek, nazinoarteko goi-mailako lehiaketetan presentzia dauena. Holan, akordioan jaso danez, gizartearentzat eredu diran Basque Teameko kirolariakaz lotutako esfortzuari, sakrifizioari, errespetuari eta iraunkortasunari lotutako balioak lehen mailako futbol taldeen markeagaz be lotuko dira. Era berean, futbol klubek euskal gizartean daben indarra eta eragiteko ahalmena Fundazinoarentzat onuragarriak izango dira.
Futbol taldeek eta Fundazinoak sinatu dituen kolaborazino hitzarmenek herrialdearen markea finkatzeko eta eliteko kirola, bere osotasunean, Euskadiko elementu bereizgarri eta estrategiko bihurtzeko lagunduko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!