Sorkuntzeak Azkuna Zentroko fatxadea hartuko dau

Bizkaie! 2019-02-20 09:19   Kulturea

Arrikibar plazako horma nagusia arte-euskarri izango da hurrengo hileotan.

Artistak eta agintariak, proiektu barriaren aurkezpenean (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Azkuna Zentroak Fatxada Proiektua dalakoa martxan jarri dau, sorkuntzea eta programazinoa eraikinetik atera eta kanpoko hormara be eroateko. Txandaka, artistek interbentzino artistikoak egingo ditue Arrikibar plazara begira dagoen fatxadan. Era horretara, eraikinaren parte guztiei balioa emongo deutsie eta sorkuntzarako gune barriak sortuko ditue. 

Hile birik behin interbentzino artistiko barria aurkeztuko dabe aukeratutako artistek. Sorkuntzeak Azkuna Zentroaren programazinoa hartu, eta eraikinaren barrualdean be eragina izango dau, berbarako, eguzkiaren pantailan. Eztabaidarako gune barriak sortuz, artisten eta bisitarien arteko hartue-emonak estutzea da asmoa. Tailerrak antolatuko ditue horretarako.

Programazinoa urtarrilaren 15ean hasi zan, Aitor Saraibaren interbentzinoagaz, eta martiaren 15era arte egongo da ikusgai. Hurrengo txandak honeek izango dira: Higinia Garay (martiaren 15etik maiatzaren 15era), Naiara Goikoetxea (maiatzaren 15etik garagarrilaren 15era), Leire Urbeltz (garagarrilaren 15etik irailaren 15era), Susana Blasco (irailaren 15etik zemendiaren 15era) eta Ane Pikaza (zemendiaren 15etik datorren urteko urtarrilera).

Parte hartzen daben artisten interbentzino artistikoak zabaltzeko asmoz, erreprodukzinoak Azkuna Zentroaren barruan dagoan AzShop dendan erosi ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu