Ingenia 2019 Saria Petronor enpreseak irabazi dau
2019-02-19 12:33 KultureaInjinerutza Eskolako Fundazinoak, Petronor-ek euskal ekonomiari egindako ekarpena aintzatetsi deutso.
Bilboko Injinerutza Eskolako Fundazinoak, aurten berrogeita hamar urte bete dituan Petronor-ek euskal ekonomiari egindako ekarpena aintzatetsi deutso. Injinerutzeagaz lotutako persona, enpresa edo erakundeen lanari egiten jakon aintzatespenak, Santurtziko zentral termikoak eskatzen eban fuel-orioa lortzeko findegi legez sortu zan eta, gaur egun, Repsol taldearen barruan, sektoreko planta modernoenetakoa dan enpresea saritu dau hamargarren edizino honetan. Emiliano López Atxurra konpainiako presidenteak jaso dau Ingenia Saria Fernando Querejeta Fundazinoaren zuzendariaren eskutik.
Ingenia Sarietako epaimahaiak Petronor omendu gura izan dau X. edizioan. Eraldaketeak bere ibilbidean izan dauen indarra eta sektoreko benetako erreferentzia bilakatzeko egindako etenbako esfortzua balorau ditu, lidergo horrek inguruneari ekarten deutsozan onurakaz, ikuspegi ekonomikotik (Bizkaiko Foru Aldundiaren zergadun nagusia da) eta enpresa ikuspegitik, puntako beste zenbait konpainia eta proiektu erakarten baititu.
Horrezaz gan, Petronor bizkaitarren bizitzan dago presente, mueta askotako ekimenen bitartez, Superportuaren eraikuntzan izan dauen partaidetzan edo ingurunea eta ondarea kontserbetako emon dauen laguntzan (bere logoan Muñatoneseko Gazteluko almenak dagoz oraindino), baita hainbat muetatako kultur eta kirol jardueratan be. Bilboko Athletic Club taldeak horreek baloretan jakin eban, 110 urte eta gero, bere kamisetan lehen aldiz publizidadea jartea erabagi ebanean.
Bereizgarri horregaz, Petronor, Bilboko Injinerutza Eskolako Fundazinoak saritu dituan enpresen zerrendan sartu da; zerrenda horretan euskal industriako izen handiak dagoz, besteak beste, Idom, Iberinco, Sener, Panda Software, Ormazabal Taldea, ITP, Metro Bilbao, Bilbao Bizkaia Ur-partzuergoa eta Arteche Taldea, baita izen propioak be, Santiago de Ybarra (Vocento), Luis Cañada (Vicinay Cadenas), Juan Celaya (Cegasa), Josu de Lapatza (Amurrio Ferrocarril), Javier Madariaga (Ingeteam), Joseba Jaureguizar (Tecnalia Korporazinoaren Zuzendari Nagusia), Baltasar Errazti (Tamoin Taldea), Xabier Maidagan (CIC Margune) eta Fernando Capelastegui (Bizkaiko Labe Garaiak).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!