Javier Sierra eta Nacho Ares 'Eztabaidak Literatureagaz' ekimenean

Bizkaie! 2019-02-15 13:19   Kulturea

Hilaren 19an, Cesar Coca kazetariak gidatuko dau hitzordua.

Topaketea, maiatzaren 2tik 11ra egingo dan Fantasiazko Bilboko Zinemaldiaren, FANTen 25. edizinoa dala eta antolatutako jarduera berezien barruan sartzen da.

Eztabaidak literatureagaz jentaurreko barriketaldiaren bitartez literaturako zenbait figurakana hurreratzea proponiduten dauen Bilboko Udalaren ekimenak Javier Sierra eta Nacho Ares idazleak batuko ditu datorren martitzenean, zezeilaren 19an.

El misterio en la literatura izenburupean, Cesar Coca kazetariak gidatuko dauen topaketea, egile biek maisutasunez menperatzen daben genero horretan oinarrituko da. Hitzordua, Udalak atondutako Fantasiazko Zinemaldiaren, FANTen programazino bereziaren barruan sartzen da.

Ohikoa danez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sartzea doban da eta leku guztiak bete arte sartu ahal izango da. Moderatzaile lanetan, kulturan eta literaturan espezializautako Cesar Coca kazetaria ibiliko da, eta misterioak literaturan beteten dauen lekuari, jatorriari eta inspirazino iturriei, erreferentziazko egileei, misteriozko eleberriaren egungo egoereari eta enigma handietako batzuen ebazpenean zientziak bete dauen lekuari buruzko barriketaldia proponiduko dau.


Nacho Ares (Leon, 1970)

Antxinako Historian lizentziatua da Valladolideko Unibersidadean, eta Egiptologia gradua dauka University of Manchesterreko KNHan. Hamasei liburu argitaratu ditu, horreetatik 10 Egiptoko kultureari buruzkoak. Aresek, ia hiru hamarkadatan Antxinatasunaren eta Arkeologiaren azterketarako benetako erreferentea izan zan Revista de Arqueología zuzendu eban 10 urtez. Horrezaz gan, 300 artikulu baino gehiago argitaratu ditu arkeologian eta enigma historikoetan espezializautako hainbat aldizkaritan, Ancient Egypt Magazine, Misterios de la Arqueología, Boletín de la Asociación Española de Egiptología, Historia y Vida edo Revista de Arqueología. 2009tik SER irrati kateko SER Historia irratsaioa zuzentzen eta aurkezten dau. Iker Jiménezek zuzentzen dauen Cuarto Milenio telebista saioko erreportari taldeko kide izan zan, eta gaur egun saio horretan laguntzen jarraitzen dau.


Javier Sierra (Teruel, 1971)

Javier Sierra (Teruel, 1971) idazleari Jagokonez, bere eleberriak AEBetan gehien saldu diran liburuen zerrendetan jarri ditu, eta bere lanak 40 hizkuntza baino gehiagora itzulita dagoz. Eleberri historikoak, garaikideak eta bidaiei buruzkoak idatzi ditu, eta horreen artean La cena secreta (42 herrialdetan argitaratua) eta La dama azul, beste 20tan argitaratua, dagoz. Beste lan ezagun batzuk ondokoak dira: La ruta prohibida, Las puertas templarias, El ángel perdido, El maestro del Prado (2013an gehien saldu zan fikzio espainiarra), La pirámide inmortal edo El Fuego Invisible (2017ko Planeta Saria). Azken lan horretan sorkuntza artistikoaren enigmei egiten deutse aurre, Grialaren bilaketa insolitoaren bitartez. Javier Sierraren liburu guztiek ezaugarri bat dabe: irakurleak mundu honetatik beste mundu batzuetara joateko zubi dira. Eta, modu sendoan dokumentautako misterio zientifikoetan eta historikoetan oinarritutako bidetik egiten dabe.

2007ko urtarrilean, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri ebenetik, euskeraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturearen esparru osoko 300 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 10.000 persona baino gehiago hurreratu dira barriketaldietara. Gaur egun, egitarauaren helburua literatureagaz bat egiteko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, besteak beste, arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak edo literaturearen genero batean oinarrituta, genero horretan sakonduz, topaketa bakotxera gonbidautako personakaz jentaurreko barriketaldiak eginez.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu