Itsas giroko kontakizunak dakarz Patxi Iturregik

Bizkaie! 2019-02-15 10:29   Kulturea

I. Mundu Gerrearen sasoian kokatu ditu Ur biren artean liburuko narrazinoak.

Patxi Iturregi liburua aurkezten, Donostian | Ikusi handiago | Argazki originala

Kontakizunak, ipuinak, narrazino laburrak ditu gustoko Patxi Iturregi idazle laudioarrak. Orain arte argitaratu dituan liburu guztiak narrazino bildumak izan dira, baita egunotan aurkeztutako Ur biren artean be, Elkar argitaletxearen eskutik plazaratua. Lehenago be landu izan dauen gaia da kontakizunen ardatza, itsasoa.

Leku eta sasoi jakin baten kokatu ditu Iturregik liburu barriko istorioak. I. Mundu Gerrearen urteetan (1914-1918), Euskal Herrian, batez be Bilboko Itsasadarrean. Nautika ikasketak dituanez eta itsasoan lan egindakoa danez, ondo ezagutzen dauen gaia da itsasoarena.

Lehen Mundu Gerreak guztiz baldintzatu eban Euskal Herriko bizitzea, baita Hego Euskal Herrian be, Espainia neutrala zan arren. Bilbotik urtendako itsasontzi ugari suntsitu zituen gerran, eta hainbat euskal marinel hil ziran. Lehorrean, aliaduen aldekoak zein Alemaniaren jarraitzaileak egozan. Giro horrek sormen literariorako atea zabaldu deutso Iturregiri.

Hamabi ipuin dakarz Ur biren artean liburuak, danak itsasoagaz lotuak, baina estilo aldetik askotarikoak: Errealistak, klasikoak, linealak... narrazinoak bata besteagandik independenteak dira, baina autoreak izan dau danen artean osotasun bat eratzeko asmoa.

Patxi Iturregiren laugarren liburua da Ur biren artean. Dana dala, hamarkada bat baino gehiago egon da ezer argitaratu barik, literaturara bueltau dala esan leiteke. Honeek dira aurretik ateratako liburuak: Haize kontra (2006), Behi eroak (2003) eta Dioramak (2006).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu