'Garai zekenak' lanak Arte Eszenikoen MAX Sarietarako hiru izendapen jaso ditu

Bizkaie! 2019-02-15 08:06   Kulturea

Miren Gaztañagak Emakume Antzezle Onenaren sarirako izendapena jaso dau.

Arriaga Antzokiak pozez eta ilusinoz beteta jaso dau Arte Eszenikoen XXII. Max Sariak 2018-2019 antolatzaileek Arriaga Antzokiaren denporaldi honetako beste produkzino handi batek, Garai zekenak – Tiempos mezquinos antzezlanak, lehiaketa ospetsu horren epaimahaiaren hiru izendapen jaso dituala jakin dogu. Antzezlan horren emonaldiak 2018ko zemendiaren 27tik urtarrilaren 24ra eskaini dira, euskerazko zein gaztelaniazko emonaldiak, hain zuzen be.

Egilea, Denise Despeyroux, Antzezlanaren moldaketa edo bersino onenaren kategoriako 19 hautagaietako bat da. Gogorarazo behar da Garai zekenak – Tiempos mezquinos antzezlana Despeyrouxen jatorrizko lana dala, Henrik Ibsenen Hedda Gabler klasikoan oinarrituta.

Raúl Cancelo antzezlanaren zuzendariak be jaso dau bere lan bikainaren aintzatespena, Eszena Zuzendaritza Onenaren kategoriako 19 hautagaien artean baitago.

Amaitzeko, Miren Gaztañagak egiten dauen Heddaren antzezpen parebakoak MAX Sarien Epaimahaiari deigarria egin jako. Bere lan bikainari esker, Emakume Antzezle Onenaren kategoriako 19 hautagaietako bat da. Halan da be, ez da lan horregaitik jasoten dauen lehen aintzatespena, orain denpora gitxi Ercilla Sarietarako izendapena be jaso ebalako.

Arriaga Antzokiaren produkzino berezia da, eta izan dau berezitasun bat –eta horrek zailtasuna dakar antzezle eta talde teknikoarentzat– ez baita Arriaga Antzokiko agertoki nagusian eskaini, antzokiko hainbat lekutan baino. Garai zekenak lanaren eszenak egin diran guneak ataria, eskailera nagusia, foyerra eta gelatxu isabeldarra izan dira.

Ikus-entzuleentzat, ohikoa ez dan eszenan jarte hori, antzezlana antzezleakaz batera jarraitzeko aukera parebakoa izan da, ez modu emozionalean bakarrik, baita modu fisikoan be. Hori dala eta, Garai zekenak-Tiempos mezquinos esperientzia desbardina eta oso berezia da, protagonisten ondoan egindako benetako bidaia.

Raúl Canceloren zuzendaritzapean, antzezle taldearen buru Miren Gaztañaga da, Hedda Gabler bilakatuta, lehen mailako beste bost euskal antzezle dituan lan eder honetan: Kepa Errasti, Arantza Goikoetxea, Gabriel Ocina, Aritza Rodríguez eta Pako Revueltas.


Garai zekenak – Tiempos mezquinos, Denise Despeyrouxena, Henrik Ibsenen Hedda Gabler lanean oinarrituta

- Testua: Denise Despeyroux.

- Zuzendaria: Raúl Cancelo.

- Euskerazko bersinoa: Nerea Lorente.

- Antzezleak: Miren Gaztañaga, Kepa Errasti, Arantza Goikoetxea,Gabriel Ocina, Aritza Rodríguez eta Pako Revueltas.

- Argiztapeneko espazio eszenikoa: Oscar de Paz (Calle Goya 7).

- Jantziak: Oscar Armendariz Lucarini.

- Maskaren diseinau eta egitea: Gorka Aguirre Studio.

- Produkzinoa: Arriaga Antzokia.

Kontuak kontu, euskal hautagaitzan 7 produkzino eta 10 sortzaile dagoz: David Azurza eta David Bernués(Erritu lanagaitik), Asier Zabaleta (La teta de Janet), Raúl Cancelo (Tiempos Mezquinos) lanen artean dira, bestalde, Txalo Produkzinoak, Kukai Dantza, Hortzmuga Teatroa, Markeliñe, Gorakada Teatroa, Marie de Jongh, Arriaga Antzokia eta III Milenium Fundazinoa (Bilbao 700 Fundazinoa). Bestelako euskal hautagaiak ditugu Ikerne Giménez, Miren Gaztañaga, Eneko Sagardoy, Nerea Vesga eta Eneko Balerdi. 



Arte Eszenikoen XXII. Max Sariak

Aurten, 358 ikuskizun aurkeztu ditue eta horreen guztien artean, 119 ikuskizunek hautagai izatea lortu dabe, banakako 213 hautagaitza profesional eta ikuskizunen 73 hautagaitza, hain zuzen be. Epaimahaiaren bilerak Bartzelonan, zezeilaren 4an (Kataluniako Epaimahaia) eta Madrilen zezeilaren 6an (Erkidegoetako Epaimahaia) eta 7an (Madrilgo Epaimahaia) izan ziran, eta bilera horreetatik, MAX Sarien antolatzaileek jakinarazo dituen hautagaitzak sortu dira; horreen artean dagoz Garai zekenak – Tiempos mezquinos antzezlanari jagokozanak.

Max Sarietako kategoria guztietako antzezlan hautagaiak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu