1.060.000 euro Sormen Lantegiak bultzatzeko
2019-02-14 11:30 KultureaSorguneren bitartez, igaz 5 proiektu artistikori emon jaken laguntzinoa.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 1.060.000 euroko aurrekontua onetsi dau diru-laguntza deialdi biren bitartez Sormen Lantegiak bultzatzeko. Batetik, Sailak 560.000 euroko inbersinoa egingo dau sormen-praktikak babestuko dituen espazio kultural independenteak bultzatzeko, Sorguneak deitutakoak. Bestetik, 500.000 euro inbertiduko ditue kulturearen eta gizartearen arloko bitartekaritza eta barrikuntza-proiektuak babesteko, Bitartez deialdiaren bidez. Deialdi bi horreen bidez, igaz, 22 proiektuk jaso zituen diru-laguntzinoak.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak aste honetan onetsi ditu deialdiok, Ikertu deialdiagaz batera Sormen Lantegiak bultzatzeko laguntzen mapea osotzen dabenak. Sorgune deialdiaren bitartez, 2018an eta 2019an espazio kultural independenteetako jarduera-proiektuak babestea da asmoa. Espazio horreen aldetik programa espezifikoen garapena diruz babestea da laguntzen helburua, bai personek bai kolektibo artistikoek euren sorkuntza eta produkzino-prozesuak egin deiezan.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzatik adierazo dabenez, helburua da lan hori egin ahal izatea adierazpide artistiko ezbardinak barritzeko talentua atzemon eta babesteko, partaidetzazko kudeaketa eta tokiko inguruneagazko hartu-emonak bultzatzeko. Jarduera-proiektu horreek kulturearen edo sormenaren sektoreren batean egon behar dabe kokatuta (ikusizko arteak, zinemea eta ikus-entzunezkoak, jantza, literaturea, musikea, antzerkia, zirkua, magia, bertsolaritzea...).
560.000 euroko diru-hornidura hori kontuan hartuta, hautatutako proiektu bakotxari emondako gehienezko kopuruak ezin izango ditu gainditu 120.000 euroak, ezta, inongo kasutan be, gastuen aurrekontuaren % 70 ere.
Joan dan urtean bost espaziori emon jakezan diru-laguntzinoak: Consonni, Bitamine Faktoria, Azala, Garaion Sorgingunea eta KunArte (Paraiso Antzokia).
Bitartez
Bitartez deialdiari jagokonez, ondoko helburuak dituen proiektuei emongo jake diru-laguntzinoa: talentuaren sustapena bultzatzea, publiko desbardinei zuzentzeko izango diran hartu-emon eta bitartekaritza-bide barriak sortzea, baterako sorkuntzea eta hibridazinoa sormena bultzatzeko, eta ekimenen garapena, jardun kulturaletatik kulturearen eta gizartearen barrikuntzarako estrategiak planteauko dituenak, dotazino, azpiegitura eta egitura egokiakaz.
Igaz, deialdi honen bitartez 17 proiektu babestu zituen; euren artean aitatzekoak dira, besteak beste, ZAS Kultur Espazioa, La Taller, Gau Edegia 2018, Guerrilla Art, Ekintza eta ZineGazteLab.
Deialdi bi horreez gan, Sormen Lantegiak bultzatzeari jagokonez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero bultzatzen dau Ikertu deialdia. Sorkuntza kulturalari zuzendutako laguntzen barruan, modalidade honen helburua da proiektuen eta prototipoen aurrediseinura zuzendutako sorkuntza-prozesuak diruz laguntzea. Joan dan urtean 12 ekimenek jaso zituen diru-laguntzinoak 4.350 euroko beste hainbat laguntzaren bitartez. Azkenik, Sailak diru-laguntzino izendun batzuk ditu sormenagaz loturiko proiektuak laguntzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!