Kolaboratzaile ezagunak, Nabil taldearen 'Eter'-en

Bizkaie! 2019-02-14 11:37   Musikea

Zapatuan zuzenean aurkeztuko dabe disko barria, Lekeition.

Bosgarren diskoa dau Nabil talde lekeitiarrak Eter izeneko hau. Aurreko laurak, bakotxa elementu bati lotuta egon ziran: Ura, lurra, airea eta sua. Oraingoan, Aristoteles filosofo greziarrak bosgarren elementutzat jo ebana, eterra, aukeratu dabe, izenburutik bertatik hasita. Ohiko moduan, rockaren inguruan eregitako doinuak dira, bestelako estilo batzuen ikutuak ahaztu barik.

Hamabi pieza dakarz Eter disko barriak, bakotxa bere nortasun eta guzti. Izan be, hainbat estudiotan ibili dira grabazinoak egiten (batez be, Bedroom Studios eta Musikotan), eta kolaboratzaile ugarik hartu dabe parte kantu bakotxean. Abesti birgrabatuak dirala azaldu dabe Nabil taldeko kideek, aurreko lau diskoetako abesti nabarmenei beste nortasun bat emon deutsielako.

Kolaboratzaile askok hartu dabe parte diskoan, hamazortzik hain zuzen. Ahotsetan, gitarran, baterian, saxoan eta txirulan lagundu deutsie. Artista ezagunak dagoz kolaboratzaile zerrenda luze horretan: Keu Agirretxea, Jon Basaguren, Sara Zendoia, Eneko Muniozguren, Haritz Lete... Nahasketak eta masterizazinoa Alvaro Remachak egin ditu.

Nabilek bere herrian, Lekeition, aurkeztuko dau Eter disko barria zuzenean. Zapatuan, hilak 16, izango da, Azkue aretoan, 19:00etan. Lea-Artibaiko Etxebarriko Elizpe Rock jaialdian be egongo dira, apirilaren 13an.

2007an sortu zan Nabil taldea, metal mundutik etorren Unai Egiaren eskutik. Bere begiei izenekoa izan zan lehenengo diskoa, eta orain plazaratutako Eter-en aurretik, 2015eko Ordu kiskaliak izan da azkena. Gaur egun laukotea da Nabil.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu