Ikerbasqueko aditu batek irabazi dau Europako Horizon Saria
2019-02-14 08:20 KultureaHerrialde baten argindar eskaria aurreikusteko softwarea garatu dau Jose Vilarrek.
Euskal ikerkuntzeak sari potoloa jaso dau, Jose Vilar adituaren lanari esker. Ikerbasque erakundeko kidea da Vilar, eta EHUk Erandio-Leioa gunean daukan CSIC Biofisika Institutuari atxikita dago. Europako Batzordearen Big Data arloko Horizon Saria irabazi barri dau. Kontinente osoaren errekonozimenduaz gan, 1,2 miloe euro poltsikoratu ditu ikerlariak.
Horizon Sariko antolatzaileek erronkea bota eutsien zientzialariei, elektrizidadearen konsumoa aurreikusteko software onena nork diseinau. Izan be, elektrizidade asko gordeterik ez dago, eta hortaz, sortzen dan argindarrak momentuan konsumiduko danaren ahalik eta hurren egon behar dau, ez larregi ez gitxiegi ezin da sortu.
Arazo horrek argindarraren konsumoa aurreikusteko tresna eraginkorren beharra dakar. Horizon Sariaren edizino honetako erronkea izan da, hain zuzen, aurrez emondako konsumo batzuetatik abiatuta kalkulu zehatzena egiten dauen softwarea sortzea. Kontinente guztiko 84 zientzialarik hartu dabe parte, horreetatik 23k baino ez dabe soluzinorik aurkeztu, eta epaimahaiak erabagi dau Jose Vilarrena dala onena.
Kontuan izan behar da, Vilarrek asmautako softwareak 200 miloe datu baino gehiago aztertu behar dituala kalkuluak egiteko. Horizon Sariko epaimahaikideek kalkuluak egiteko abiadureagaitik eta zehaztasunagaitik saritu dabe Vilarren lana. EHUren arabera, metodologia hori oso idea barritzaileetan oinarrituta dago eta hainbat jakintza-arlotan aplikau leiteke, energian eta biomedikuntzan adibidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!