Arte Eder Museoa handitzeko prozesua martxan

Bizkaie! 2019-02-12 08:06   Kulturea

Proiektu arkitektonikoa aukeratzeko lehiaketea zabaldu dabe.

Xabier Sagredo eta Unai Rementeria, hitzarmena sinatzen. Atzean, Miguel Zugaza, Lorea Bilbao eta Gorka Martinez (argazkia: Arte Eder Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Oraintsu, 2019-2022 Plan Estrategikoa aurkezteaz bat, iragarri eban Bilboko Arte Eder Museoak bere instalazinoak handitu beharrean egoala, eta museoan bertan egindako agerraldi baten ekin deutsie prozesu horri. BBK Fundazinoak eta Arte Eder Museoak sinatutako akordioari esker, martxan ipini dabe arkitektoentzako lehiaketea, handitzearen inguruko proiektuak batzeko asmoz. 

Agintari ugari batu ditu ekitaldiak: Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia (museoaren fundazinoaren burua be bada), Xabier Sagredo BBK-ko presidentea, Lorea Bilbao Kultura diputadua, Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusia eta Miguel Zugaza museoko zuzendaria.

Handitzearen asmoa da museoari espazio gehigarri nahikoa emotea bere bildumea era zabalagoan erakutsi eta programazino artistiko zein didaktikoa goi mailara eroateko. Horrezaz gan, konserbazino eta ikerketa zerbitzuentzako azpiegiturea ez da nahikoa gaur egun, hortaz, arazo horri be urtenbidea emongo jako. Ganera, fatxada nagusiari erabilgarritasuna emon nahi deutsie barriro.

Helburu horreek beteko dituan proiektu aproposena topetako asmoz, lehiaketarako deialdia zabaldu dau museoak. Arkitekto-taldeek martiaren 18ra arteko epea dabe lehiaketan parte hartzeko. Epaimahai batek aukeratuko dau irabazlea, eta BBK-k laguntzinoa emongo dau proposamen nabarmenen erakusketea atontzeko.

Baldintza batzuk ezarri ditue, lehiaketako proiektuek bete beharrekoak. Batetik, museoaren barruko 2.250 metro koadro barritzea eta beste 5.140 metro koadroko handitzea agertu behar da proposamenetan. Bestetik, museoaren identidadea eta historia aintzat hartu beharko dira, baita irisgarritasun baldintzak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu