Ze Esatek! taldeak agur esango dau
2019-02-11 12:55 MusikeaHamar urteko ibilbidea egin dabe herririk herri parranda giroa sortzen.
Sare sozialen bidez zabaldutako mezuan, Ze Esatek! musika-talde gipuzkoarrak bere ibilbidea amaituko dauela iragarri dau. 2009an sortu eta hamar urte herririk herri ibili eta gero, agur esateko unea heldu dala azaldu dabe taldekideek.
Ibilbide oparoa izan dau taldeak azken hamarkadan. Sei disko plazaratu ditue, azkena Ibilita ikasten da erortzen (Baga-Biga, 2017). Horrezaz gan, Euskal Herria alderik alde zeharkatu dabe, gitxi izango dira bisitau ez dituen herriak eta auzoak. Atzerrian be kontzerturen bat edo beste jo dabe, esate baterako, Kuban.
Orain dala hamar urteko kroniketan Ze Esatek! talde ganberroa zala esan eben. Agur esateko mezuan, izaera horri eusten deutsiela nabarmendu dabe: Ondo pasetako intentzinoa besterik ez geunkan eta batzuen zoritxarrerako jarraipena euki eban (...). Festa ikusi beharrean, bertan parte hartu nahi genduan. Danetarikoak ezagutu ditue taldekideek, zortzi personaren aurrean jo beharra zein kontzertu jentetsuetan parte hartzea.
Hasierako kideetatik ez dira danak geratzen, aldaketa batzuk egon dira, baina Ze Esatek!-en parte izan diran guztiak gogoan izan ditue agurreko mezuan. Zaleentzako berbak be baditue: Momentu eta une desbardinen bidez josten doaz bizitzako istorioak, eta zuokaz bizi izan dogun hau betiko gogoratuko dogu.
Mezuan ez dabe zehaztasun handirik emoten, baina agurreko birea antolatuko dabe, oholtzak behin betiko itxi aurretik. Hamargarren urteurrena ospatzeko gogoz dagoz, eta, hortaz, laster aterako ditue azken kontzertuen datak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!