Luis Briñas-ek irabazi dau 'Bilbo Iparraldea-Hegoaldea' saria

Bizkaie! 2019-02-11 12:01   Kulturea

Alkarbriñas, gure amesetako eskolea izan da sariketearen VIII. edizioa irabazi dauena.



Luis Briñas Santutxu
ikastetxeak Bilbo iparraldea-Hegoaldea. Eskola solidarioak garapenerako lankidetzearen saria jaso dau (bigarren aldiz, sariketea sortu zanetik).

Bilboko Udalak, Bardintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailaren bitartez, urtero deitzen ditu Bilbo Iparraldea-Hegoaldea. Eskola Solidarioak sariak, 2011tik, bilbotarren erantzunkidetasun-printzipioa sustatzeko, holan mundu bidezkoago eta solidarioagoa eregiteko helburuagaz.

Sariketearen helburu nagusiak ondokoak dira: jentaurrean aintzatestea euren ikasketa-orduetako batzuk ikasleak baliotan prestatzen bideratzen dituen ikastetxeak, batik bat alkartasunaren, kultura-artekotasunaren eta giza eskubideen aldeko alorretan, eta parte-hartzearen kulturea sustatzea eta era horretako jarduerak bultzatzea.

Ekitaldi instituzionalean, Bilboko Udalak zortzigarren edizio honetan aurkeztu dan beste ikastetxe baten lana aintzatetsi eta eskertu dau: School to School lana, Botikazar BHIarena, sensibilidadea sortzeko eta lankidetzan jarduteko, Vicente Ferrer Fundazinoagaz batera ekintzak eginez. Bilboko ganerako ikastetxeak be animau ditu balio-eskolearen gai-zerrendea euren curriculumean sartzeko.


Elkarbriñas, gure amesetako eskolea

Irabazi dauen proiektuak kultur aniztasuna erakutsi eta balorau nahi dau, eskola-komunidadea dan aldetik, eskola solidarioago eta aberasgarriagoa osotuz, ikastetxe publiko honen aniztasun kulturala aprobetxauta: bertako ikasleen % 16,2 beste herrialde batzuetakoa da eta beste hainbat ikaslek, Bilbon jaioak izan arren, beste jatorri batzuetako familiak ditue.

Holan, epaimahaiak ekimen honen interesa balorau dau, eskola-komunidade osoa ikasleen jatorrizko herrialdeen errealidadera hurreratzen dauena, euren kulturea eta tradizinoak ezagutzera emoteko, horreek egiten diran jardueretan islatuz eta txikienen artean jarrera solidarioagoak sustatuz, eskola-komunidadea ez eze auzoa bera inplikauta.

Elkarbriñas, gure ametsetako eskola ekimenak kultur aniztasuna bere osotasunean aztertzen dau, zenbait ekimenen bidez:

- Kultur aniztasunaren tailerra: ikasleei hainbat kultura (arabiarra, afrikarra, latinoamerikarra, euskalduna...) hurreratzeko, eskolearen zuzeneko isla baitira.

- Alkartasunerako jostailuak: Gabonetan, ikastetxean bertan familia makalenei emonez, umeei alkartasunaren eta bardintasunaren balioak transmitiduten jakez.

Hezkidetzea: familia-eredu ezbardinak eta errespetuzko harremanak aztertzen dira, indarkeriaren kontrako jarrera aktiboa sustatzen da, eta harreman parekideen garrantzia azpimarratzen da, baita ekidadea, inklusinoa eta kultur aniztasuna be.

- Bardintasunaren aldeko photocalla: ikastetxeko guraso alkarteak martiaren 8an antolatutako jarduerea, egun hori ospatzeko egiten diran jardueren osogarri.

- Tipi-tapa: aedade txikikoen autonomia sustatzeko da, ibilbide seguruetan zehar ikastetxera bakarrik joan daitezan, berbarako, oinez; holan, ohitura osasuntsuak bultzatzen dira.

- Bizkaiko Elikagaien Bankua: erakunde honen zergaitia eta zelan funtzionetan dauen landuz, ikuspegi solidario batetik.

- Expo Day in Luis Briñas: seigarren mailako ikasleen eskutik, eurek hautatutako herrialde bati buruzko erakusketea antolatzen dauelako.

- Parte-hartzearen patioa: eskolako patioa espazio hezitzaile bihurtuz.

Modu berean, ikastetxeak sariaren dirua (3.000 euro) eskolako egun komunitarioa antolatzeko eta irakurketa-plana hobetzeko erabiliko dau, ikasgela bakotxean liburutegi txiki bat sortuz eta hainbat gairi buruzko liburuak erosiz: giza eskubideak, immigrazinoa, transexualidadea eta abar.


Luis Briñas Santutxu HLHI

Bilboko Santutxu auzoan dago. 1942an sortu zan, eta 1996. urtetik aurrera San Francisquito eskolara batu jakon. Gaur egun 610 ikasle daukaz, eta D ereduan dagoz gehienak.


Bilbo Iparraldea-Hegoaldea. Eskola Solidarioak saria

Eskola solidarioen modalidadean, ondokoak dira helburuak:

Baliotan hezteko konpromisoa daben ikastetxeen ekimena autortzea, alkartasunaren, kultura-artekotasunaren eta giza eskubideen aldeko alorretan; eskoletan hezkuntza-jarduera solidarioen garapena sustatzea; umeen eta gazteen heziketan laguntzea, biztanleria pobretuenaren egoerea ezagutu deien eta gizarte bidezkoagoa eregiteko konpromisoa hartu deien, bai nazinoartean bai udalerriaren testuinguruan; parte-hartzearen, alkartasunaren eta konpromiso herriotarraren kulturea sendotu eta zabaltzea: eta ikastetxeari saritutako jarduerearim eusten laguntzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu