Kultura proiektuentzako Bertatik Bertara deialdia zabalik
2019-02-11 11:07 Kulturea2012tik, Bilboko Udala eta Santanderkoa alkarlanean ibili dira, uri bietako sortzaileei bultzadea emon eta lurraldeen arteko lotura kulturala indartzeko. Bertatik Bertara izeneko lankidetzazko egitasmo horretara Gijón batu zan geroago. 2019ko deialdia hiru uriotako udalen artean egin dabe, bakotxak 20.000 euro ipinita. Hautagaien artean, sei proiektu aukeratuko ditue.
Interesa daukien enpresa, talde kultural edo profesionalek egitasmo barritzaileak aurkeztu beharko ditue, eta gitxienez hiru urietatik bitako eragileen alkarlanaren emoitzea izango dira. Proiektuok hiru lekuetako edozeinetan gauzatu ahal izango dira, baina lehentasuna izango dabe bitan edo hiruretan egitekoak badira.
Martiaren 10a baino lehen aurkeztu behar dira proiektuak. Informazino zehatzagoa eta izena emoteko bidea webgune honetan topauko ditue interesdunek.
Epaimahaian hiru udaletako kultura arloko kideak egongo dira eta deialdiko oinarrietara ondoen egokitzen diran sei ekimenak aukeratuko ditue. Proiektuok hiru helburuetako bat bete beharko dabe: Hiru urien artean hartu-emon egonkorrak izango dituan kulturako sektore profesionala sortzea; programazino kulturala aberastuko daben proposamenak sortzea; jarduerea hiru urietan garatzen daben kultura edo sormen arloko profesionalen, enpresen eta bestelako erakundeen artean laneko sareak abian jartea.
Bestetik, martiaren 28an Gijon, Santander eta Bilboko ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalen topaketea antolatuko dabe BilbaoArten, Bertatik Bertara lankidetzearen inguruan. Urtero antolatzen ditue batzarrak, hainbat formatu erabilita. Helburua da, hiru urietako kultura jarduerearen gaur egungo egoeraz eta etorkizuneko erronkez gogoetea egitea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!