Bilbok badauka 2019ko Aratusteetako kartela
2019-02-08 13:32 KultureaJosé Ángel Ligero Martinezen Sardinita disfrazada izan da lehiaketako irabazlea.
Bilboko eta beste leku askotako aratusteetako sinbolo nagusietako bat da sardinea, ospakizunen azken egunean erreten daben arraina. Horixe da aurtengo edizinoa iragarriko dauen kartelaren protagonistea, kolorez jantzitako sardinea. Sardinita disfrazada izenburua emon deutso egileak, José Ángel Ligero Martinezek.
Lehiaketa herrikoia egin dabe kartel hori aukeratzeko. Bilboko Udalaren eta Konparsen deialdiari erantzunaz, dozenaka proposamen jaso zituen (zehatz, 83), eta epaimahaiaren laguntzaz, sei finalista geratu ziran. Herritarrek, botoa emoteko martxan egon diran sistemen bidez, Sardinita disfrazada aukeratu dabe. Horri esker, egileak 2.000 euro jasoko ditu, eta bere kartela izango da 2019ko Aratusteetako ofiziala Bilbon.
Kartel irabazlearen aurkezpenean Jai Batzorde mistoko kideek azaldu dabenez, herritarren 4.139 boto jaso ditue aurten. Internetez zein modu presentzialean emon ahal izan da eretxia. Epaimahaiak be izan dau zeresana, behin betiko erabagian % 25eko pisua euki dau eta, herritarren % 75en aldean.
Epaimahaian honeek egon dira: Itziar Urtasun, Bilboko Jaietako zinegotzia; Asier Abaunza eta Beatriz Marcos zinegotziak; Miryam Artola (Muxote Potolo Bat-en sortzailea), Mikel Martinez (aktorea); Bilboko Konparsen ordezkari bat; eta Julio Arrieta (El Correo) eta Ane Zabala (Bilbo Hiria Irratia) kazetariak.
Bilboko Aratusteak zezeilaren 28tik martiaren 5era egingo ditue Bilbon. Egun horreetan, jaiak eta giro alaiak hartuko dabe uria. Ekitaldi ezagunak be egongo dira: Farolin eta Zarambolasen epaiketea, konparsen desfilea, sardinea erretea...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!