Londres eta New Yorkera begira jarriko da 18. Musika-Música

Dabi Piedra 2019-02-08 13:17   Musikea

Zezeilaren 28an hasiko da jaialdia, eta 1.500 artistak hartuko dabe parte.

Josune Ariztondo eta Juan Mari Aburto | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Musika-Música zuztar sendodun jaialdia dala adierazo dau Juan Mari Aburto alkateak, Zabalguneko eraikinean egindako aurkezpenean. Izan be, zezeilaren 28tik martiaren 3ra egingo dan edizinoa 18.a izango da. Gai aldetik, egitarauaren ardatza aldatuko dabe: Orain arte, mendez mende eta estiloz estilo antolatu ditue edizinoak, baina aurrerantzean urietan jarriko dabe arretea. 2019ko geralekuak Londres eta New York izango dira.

Kontsumotik produkzinora izango da aurtengo leloa, antolatzaile nagusia dan Bilbao 700 Fundazinoko zuzendari Josune Ariztondok azaldu dauenez: XX. mendean, Ekialdeko Europatik etozan jokerak segitzeari itxi, eta New York eta Londres euren musika klasikoa sortzen hasi ziran. Musikearen erreferente nagusi bihurtu ziran uri biak, eta gaur egun oraindino badira.

Iraganean hasi zan Londres etorkizuna eregiten, ganeratu dau Ariztondok, musika klasikoari freskotasuna emoten asmau eban New Yorkek, uritarrakaz berehala konektau eban. Aurrerantzean Musika-Música urien araberakoa izango dala jakitera emoteko, bide kronologikoa agortutzat emon dabela esan dau Ariztondok. Urien sasoian gagozala azpimarratu dau Aburtok.

Londresetik eta New Yorketik etorritako barrikuntza horreek publikoari erakusteko, egitarau zabala eta askotarikoa antolatu dabe 19. Musika-Músican, Euskalduna Jauregian. Prezio herrikoiei esker (5 eta 12 euro artean), herritar guztiek musika klasikoari lotutako ehun jarduera baino gehiago izango ditue aukeran, gehienbat kontzertuak. Baina tailerrak, familientzako ekintzak, mahai-inguruak eta abar be egongo dira. Pozgarria da edade guztietako publikoagaz jaialdiaz gozetea, esan dau Aburtok.

Musikariak munduko txoko askotatik etorriko dira, baina bertokoek be leku zabala izango dabe. Esaterako, zezeilaren 28ko inaugurazino kontzertuan Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koralak egingo dabe bat. Bilboko, Euskal Herriko eta inguruko beste lurralde batzuetako musika-eskoletako ordezkariak be oholtzan egongo dira kontzertu batzuetan. Danetara, 1.500 musikari eta artista baino gehiago dagoz egitarauan.

Estilo aldetik barrikuntza nabarmena ekarriko dabela eta, nazinoarteko ospea daben talde eta bakarlari batzuk nabarmendu ditu Ariztondok. New Yorkeko eta Londreseko giroak bultzatutako musika klasiko barriaren ordezkari dira danak. BBCren Manchesterreko Orkestra Filarmonikoa, Les Disonances, New Yorkeko Orpheus ganbera-orkestrea eta abar aitatu ditu Bilbao 700eko zuzendariak. Zinemeari eta jazzari egingo deutsiez keinu batzuk.

Aurreko urteetan 30.000 entzule inguru joan dira Musika-Músicako ekitaldietara. Aurten antzeko kopurua espero dabe. Egitaraua hemen.

Javier Jaen artisteak egin dau aurtengo kartelaren diseinua

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu