Egitarau betea Gernikako Lekuek festibalean

Bizkaie! 2019-02-07 13:46   Musikea

Uriko txoko guztietara helduko da musikea martiaren 9tik 16ra.

Hilabete falta da Gernikako Lekuek festibalerako, eta antolatzaileek egitarau osoaren barri emon dabe. Oparo dator aurtengo edizinoa, kartelari kasu egin ezkero. Astebetez, martiaren 9tik 16ra, kontzertu eta jarduera piloa egongo dira, Gernikako areto, antzoki, taberna... eta bunkerrean be bai. Musikari ugarik euren proiektu barrienak aurkeztuko ditue.

Esaterako, Maite Larburuk bere lehenengo bakarkako diskoko abestiak joko ditu. Martian bertan plazaratuko dau lana, hortaz nobedadea izango da Gernikakoa. Trinkete Antitxokoan joko dau, hilaren 10ean. Interesgarria da, bestetik, leku berean martiaren 16an egongo dan emonaldi bikotxa: Moxal eta Joseba Irazoki.

Ska doinuak gurago dituenentzat, martiaren 9ko Astrako gaualdia proposamen aproposa izan leiteke. Parisetik datorren 8º6 Crew taldea eta bertoko Kaleko Urdangak egongo diralako oholtzan. Rock estilora salto eginda, hilaren 14an Estadu Batuetako Mr Sipp Blues helduko da Iparragirre alkartera. Bakarlarien artean, Núria Graham kataluniarra aitatzekoa da.

Artisten banan-banako errepasoa itxita, egitarauaren osotasunak berak egin dau ezagun Gernikako Lekuek. Bertoko zein kanpoko taldeak, era guztietako estiloak, askotariko giroak... egongo dira, entzule bakotxak gustukoenak aukeratu daizan. Ganera, egitarau nagusiaz aparte, tabernetan dobako kontzertu ugari antolatuko ditue. Bestelako jardueren artean, berbaldiak, tailerrak eta proiekzinoak egongo dira.

Kontzertu bakotxerako sarrerak salgai dagoz dagoeneko, baita 25 euroko bonoak be, ekitaldi guztietara sartzeko. Gernikako hainbat lekutan (Astran, Ospan eta Aterpen), Bermeoko Talako Kantinan eta interneten erosi leitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu