Bilboko Udal Txistulari Bandeak 'Txistu Jazz' aurkeztuko dau

Bizkaie! 2019-02-07 12:23   Musikea

Txistulari Bandeagaz batera Eduardo Moreno, Luis Giménez eta Kike Arza musikariek parte hartuko dabe.

Hurrengo eguaztenean, zezeilaren 13an, Bilboko udal Txistulari Bandea Euskalduna Jauregiko eszenatokietara bueltauko da Eduardo Moreno musikagileagaz alkarlanean sortutako Txistu Jazz proiektuagaz. Eduardo Moreno konpositorea eta klarinete jotzaileaz gan, Laguardiako Musika Eskolako Zuzendaria da eta bere Bandearena be bai. Kontzertu honetan, Eduardo Morenoz gan, Bilboko Udalaren Txistulari Bandeak kontrabaxuan Kike Arzagaz eta gitarran Luis Giménezegaz joko dau.

Musikaria, konpositorea, zuzendaria, ikertzailea eta dibulgatzailea, Eduardo Morenok dinoanez: Txistu Jazz ez da kontzertu bat: beharbada bilatze prozesua izan daiteke, beste doinu batzuetara eroango gaituen bidea, katarsi-prozesu bat eta, aldi berean, soinu-erronka bat. Izan leiteke txistuak herri-musikan izatea jatorria, folklorearen antxinako munduan egotea errotuta eta folklorea izatea haren egiazko txokoa. Izan leiteke instrumentu honetarako musika iraganaldiko hizkuntza bati lotuta dagoala uste dauenik izatea, baina, entzun ahal izango danez, txistua eraldatu daiteke, eta badau gaitasuna hurreko sonoridade batez berba egiteko, poesiaz, emozinoz eta gozotasunez beterik. Proiektu honen helburua ez da txistua jazz musikara hurreratzea, baizik eta instrumentua eraldatzea, jazzak urten daian beraren barrutik, bera jazza izan daiten.

Kontzertua, ohikoa danez, Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan izango da, 19:30ean. Sarrerak zenbakituak dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan (2 euro), www.euskalduna.eus webgunean (3 euro) eta Kutxabank-en zerbitzu anitzeko kutxazainetan (3 euro) erosi ahal izango dira.


Bilboko Udal Txistulari Bandea

Gaur egun ondokoak dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Azken aldion, aukerea izan da ezaugarri bi gitxienez atzemateko: saioen kalidadea batetik, eta, bestetik, saio bakotxa besteetatik ezbardintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emonaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziran eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen dau; bertan, txistularien bandearen saioakaz batera goi mailako profesionalakaz eta taldeakaz lankidetzako saioak buztartu ditue.

Bandeak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: Bilboko Udal Txistu Bandea; Alos Quartet Harizko Laukoteagaz Harizko Txistua; Hala ere Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; Bihurrikeritan txistularien errepertorio birtuosoa batzen dauena; Kantari Gabonetan Leioako Kantika Koralagaz; Plazan erromerietako eta jantzaldietako musika-lanakaz; Xabier Zabalagaz Gogoeta eta azkena, X Urte, hamaika lagun DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko argitaratutakoa.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu