Bilbao Gazte Balioak Martxan sariak emon ditue

Bizkaie! 2019-02-07 09:00   Kulturea

2019koa unibersidade-graduko edo goi-mailako zikloetako ikasle eta kolektibo edota persona gazteentzat da.

Bilboko Udalak antolatutako Bilbao Gazte Balioak Martxan sarien lehen edizinoa irabazi daben 30 proiektuak bart aurkeztu ditue Euskal Museoan. Juan Mari Aburto alkatea izan da ekitaldiko buru; bertan, saritutako ekimenen arduradunek –norbanakoak nahiz taldeak– euren lanen garapena eta emoitzea azaldu ditue.

Proiektuok hainbat eremu hartzen ditue barruan: adierazpen artistikoak, teknologia, ikerkuntzea, ekologia, inklusinoa, bideo-jokoak eta kirola, besteak beste. Bilboko Balioen Gutunak jasoten dituan 17 balioetakoren bati lotutako helburuak ditue proiektu guztiek. Sariketea irabazi daben ekimenek gizarte-eskaera bati erantzuten deutse, eta auzoak, barrutiak, eskolak edo kolektibo espezifikoak eraldatzen eta hobetzen laguntzen dabe. Parte-hartzea bultzatzen daben ideak dira, sormen handikoak eta barritzaileak. Proiektu irabazleen barri, hemen (2,59 MB).

Juan Mari Aburto alkateak azpimarratu du Udalarentzat lehentasuna da gazteakaz balioak lantzea; gazteak dira etorkizuna. Euren heziketea eta sentsibilizazinoa oinarrizkoak dira gure asmo handienetako bat lortzeko: gizabidearen kontrako edo etika gitxiko jokabiderik bako gizartea. Balio horreetako bakotxaren atzean dagozan helburuetan aurrera egin behar dogu, uri bidezkoagoak, oparoagoak eta maila sozialean jasangarriak izateko, nabarmendu dau.


Bigarren edizinoa, GJHei buruzkoa

Lehen edizinoa herritarren parte-hartzetik sortu da, Parte-hartze bidezko aurrekontuen udal-programan sartzen baita. Kolektiboen erantzun onari eta saritutako proiektuen kalidade bikainari esker, estreinako esperientzia sano aberatsa izan da.

Hain zuzen be, 91 proiektu aurkeztu dira (14, ikastetxeenak; 28, unibersidade-masterreko graduko edo goi-mailako prestakuntza-zikloetako ikasleenak, eta 49, gazteen kolektiboenak). 30 ekimen saritu dira (9, ikastetxeenak; 87 unibersidade-graduko edo goragoko ikasleenak, eta 14, gazte-kolektiboenak), eta 250 gaztetik gora parte hartu dabe garapenean. Udalak, guztira, 102.000 euro banatu ditu saritan; kategoria bakotxeko, lehen sari bi banatu dira, 5.000 eurokoa bakotxa, eta ganerakoak 3.000na eurokoak izan dira. Sarioi esker, gazteei aukerea emon jake euren idea martxan jarteko, gizartearen mesedetan.

Datu horreekaz, Udalak erabagi dau sariakaz jarraitzea eta lehiaketearen bigarren edizinoa antolatzea, oraingo honetan Gazteria eta Kirol Arloaren aurrekontuaren barruan.

Sariek, aurrerantzean be, gazteen zeregina bultzatuko dabe Bilbo balioz horniduteko bidean. Aurtengo barritasuna da proiektuek loturea izan behar dabela Nazino Batuen 2030 Agendearen garapen jasangarriaren helburuakaz, helburu horreetan uriek oinarrizko eginkizuna izango dabelako. Alkateak azpimarratu dauenez, Bilbo jasangarriagoa bultzatu nahi dogu, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegietatik. Aburtok azpimarratu dau oso garrantzitsua dala uri jasangarriak eregitea, garapen globala ahalbidetzeko, inor atzean itxi barik. Helburu horretan, Bilboko Balioen Gutunaren espiritua laburbatzen dauena, gazteek funtsezko zeregina dabe.

Bigarren edizinoa unibersidade-graduko edo goi-mailako zikloetako ikasleentzat eta kolektibo edota persona gazteentzat da; kasu bietan, gazteok 16 eta 30 urte artean izan behar ditue.

Sariokaz, Udalak hiru helburu zehatzetan egiten dau aurrera: Gizartearen eskariei begira, sormena, konpromisoa eta ahalegintzeko gaitasuna sustatzea; gazteen ikusmoldetik, balioak dituan Bilbo eregiteari bultzadea emotea; eta gazteei aukerea emotea ekimen edo proiektu sozial, artistiko, kultural, ekologiko, ekonomiko, zientifiko, digital, teknologiko bat edo bestelakoa gauzatzeko.


Ideak Martxan

Bilbao Gazte Balioak Martxan sariak Ideak Martxan programearen barruan sortu dira. Bilboko Udalak abian jarri eban programa hori, uriko gazteen kolektiboei indarra emoteko sormenezko jardueren ideak eta proposamenak aurkezteko.

Holan, topaguneak sortzen dira, ikuspuntu integral horretatik gazteak udal-politiken partaide egiteko eta udal-politika horreek topaguneotan bertan zehazteko eta lehenesteko. Urte guztian zehar aurkeztu daitekez proposamenak. Interesgarriak eta bideragarriak izan ezkero, sustatzaileakaz batera landuko ditu Udalak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu