EIJO, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestreak ez ohiko sarrera probak egingo ditu
2019-02-06 13:28 MusikeaEIJOk musikari barriak hartu nahi ditu.
EIJO, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestreak abian dauka dagoeneko 2018-2019 ikasturte honetarako proiektua. Joan zan abenduaren 15ean egin zituen sarrera proben ondoren, ezohiko sarrera probak deitu ditu barriro be EIJOk kide barriak aukeratzeko. Datorren zezeilaren 9an egingo diran probakaz, dagoeneko bandea osotzen daben 21 kideei beste honako honeek gehitu nahi dutsee: hiru tronpeta, flauta bat, piano bat, alboka bat, trikiti bat eta txistu bat gehiago.
Ezohiko sarrera proben deialdi honen arrazoia, 2018-2019 ikasturterako programazino artistikoan EIJOk barruratu dauen berezitasunean dago, izan be, Carlos Sagi perkusionista, konpositore eta pedagogoari musika-enkargu berezia egin deutso EIJOk: musika tresna autoktonoak ez eze (albokea, trikitia eta txistua), jazz bandetan ohikoak diran beste zenbait instrumenturen presentzia sendotzea (tronpetea, flautea eta pianoa).
Probak 14 eta 19 urte bitarteko eta Euskadiko Musika Eskola edo Konserbatorioren batean ikasten dabizen ikasleei zuzenduak dira.
14 eta 19 urte bitarteko musika ikasleei zuzendua
Juan Crisostomo Arriaga Musika Konserbatorioa, Bilbon: zezeilaren 9an, zapatuan, 10:00etatik aurrera Proba instrumentalen inguruko informazino zehatzagoa, eta ikasleek egin beharreko ariketen barri, ikusi hemen: www.eijoweb.com
Tresna autoktonoak aurtengo musika-enkarguan:
Carlos Sagi perkusionista, konpositore eta pedagogoa izango da EIJOko konpositore egoiliarra 2019 honetan. Musikeneko ikasle ohia eta, besteak beste, Big Bandeterako III. Konposaketa eta Moldaketa Lehiaketearen irabazleak (SGAE 2016) jaso dau EIJOren enkargua, euskal musika tradizionalaren kolorea txertatu daian Big Banderako jazz moldaketetan, trikitia, albokea eta txistua erabiliz. EIJOk apirilean izango dituan kontzertuetan joko ditu Sagiren moldaketak.
Carlos Sagik Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian egin ditu ikasketak, Jazz (bateria) eta Konposizino espezialidadeetan. Ibilbide profesional oparoan EIJOrentzako interes berezikoa da musikari hau Khami proiektuan egiten dagoan lana. Iñaki Salvador, Garikoitz Mendizabal, Kalakan hirukoa nahiz Ander Gracia musikariak lagun dituala, XXI. mendeko euskal musikearen arlo artistiko barriak aztertzen dabil Khami proiektuaren bidez.
Ezohiko sarrera probak egin eta bandarako kide barriak hautatu ondoren, EIJO entseguetan sartuko da buru-belarri, zezeilaren 16an lehenengo eta martiaren 30ean ondoren. Azkenik, apirilaren 23tik 27rako astean egingo ditue egonaldia eta kontzertuak.
Zer da EIJO?
Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrea – EIJO, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatu eta 2014-2015 ikasturtean sorturiko hezkuntza proiektua da. Euskadiko Musika Eskola eta Konserbatorioetan musika-prestakuntzea jasoten dabizen 14 eta 19 urte bitarteko ikasleak batzen ditu. Proiektuaren helburua da, gazte horreen artean musika modernoa sustatzea eta lantzea, jazz bersinoan. EIJOren oinarrizko taldea Jazz Big-Band bati jagokona da, 25 ikasle ingurugaz, haize-egur, haize-metal eta perkusino instrumentuakaz. Bandako kideak urtero barritzen dira, sarrera probak gainditzen dituen gazteakaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!