Hemen da sorkuntza eszenikoari laguntzeko XI. Artistak Egoitzan

Bizkaie! 2019-02-06 07:59   Kulturea

Programearen helburua da Bilboko arte eszenikoen alorrean ikerketea eta barrikuntzea bultzatzea.

Bilboko Udalak, BilbaoEszenaren, Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroaren, bitartez, Artistak Egoitzan programearen 2019ko deialdia edegi dau. Deialdira aurkeztu nahi daben euskal konpainiek edo artistek zezeilaren 4tik aurrera eta 2019ko martiaren 8ra arte aurkeztu ahal izango ditue euren sorkuntza proposamenak. Parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da www.bilbao.eus edo www.badbilbao.eus web orrietan topau daitekeen deialdiaren inprimaki ofiziala betetea. Ez da onartuko posta elektronikoz, ohiko postaz edo bertara hurreratuz aurkeztutako proposamenik.

BilbaoEszenak hiru arte proiektu aukeratuko ditu; horreen helburu nagusiak proposamen eszenikoak sortzea, ikertzea eta zabaltzea izango da; egoitzetako bat euskerazko proiektu onenarentzat izango da eta besteak Euskal Herriko konpainien eta artisten proiektuentzat edozein hizkuntzatan.

Artistak Egoitzan programearen helburu nagusia artistei eta artista taldeei laguntzea da, arlo eszenikoetan sorkuntza edo ikerketa prozesuak aurrera eroateko baliabideak eskainiz (ekonomikoak, teknikoak, prestakuntzakoak edo laguntzakoak, etab.) eta batez be, eszena barriakaz zerikusia daben interes zehatz bat sortu eta izaera anitzeko arloetan, ardatz nagusia antzerkia eta jantzak izanik, diziplina tradizionalagoakaz, kaleko antzerkiagaz edo zirkuagaz, adibidez, lotutako proiektuak baztertu barik.

Programa honetan, Bilboko Udalak, BilbaoEszenaren bidez, helburu bi lortu nahi ditu: batetik, arte eszenikoen esparruko arte sorkuntzea sustatzea, eta, bestetik, garapen eta ikerketa-prozesuak bultzatzea, batez be, dramaturgia barriak ardatz nagusia izanik. Era berean, hirugarren helburua be aitatu behar da, sorkuntzako talentua topau eta erakartea, produkzino prozesurako sarrerea erraztuz.


Euskal artistak

18 urtetik gorako Euskal Herriko artistek, bakarka edo taldean aurkeztu leikiez deialdi honetarako proiektuak, arte eszeniko garaikidearen sorkuntza edo ikerketako lan prozesuetan BilbaoEszenagaz parte hartu nahi badabe.

Egoitza bakotxak gehienez 25 eguneko iraupena izango dau eta epealdi horretan modu trinkoan egingo da, aurkeztutako eta hautatutako proiektu artistikoan oinarrituta. Egoitzak BilbaoEszenaren lokaletan eta Bilboko beste eszena gune batzuetan egingo dira, batez be, garagarrilean, abuztuan, irailean eta urrian. Proiektu bakotxerako diru-kopurua 4.000 eurokoa izango da. Horrezaz gan, aukeratutakoek, euren sorkuntza prozesuak ikus-entzuleen edo sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukerea izango dabe, Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikideko Jaialdian, BAD-en, edo Udalak bultzatutako beste edozein ekimen eszenikotan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu