Hirugarren diskoa plazaratu dau Peicok

Bizkaie! 2019-02-04 13:37   Musikea

Origena diskoa aurkezteko hurrengo kontzertua Bilbon joko dau, barikuan.

Peico da Peio Sanz nafarraren proiektu musikala. Aurreko disko bien ostean, heldutasuna lortu dau Peicok eta, horri esker, bere benetako izaerea erakusten daben kantak plazaratzera ausartu, eta hasierara bueltau da. Originaltasuna jatorrira bueltetea da, esan eban Gaudik, Peio Sanzek adierazo dauenez.  Origena izeneko disko hau egiteko, Iñaki Llarena produktorearen laguntzinoa izan dau. Nahasketak eta masterizazinoa Aberin estudioan egin ditue.

Disko honetarako, Peio Sanzek beste lau musikari izan ditu alboan, eta zuzeneko kontzertuetan be beragaz joko dabe. Jon Albizu bateria jole gaztea, Txemi Losada gitarra jolea, Javier Indurain baxu jolea eta Carlos Colina dira, azken hori instrumentu ugariren arduradun.

Artisau baten erara, detaile guztiak jagonda eta behar dan denpora guztia hartuta sortzen ditu abestiak Peio Sanzek. Berbak poesiatik hur dagoz, azalekoa itxi eta sakonera jota. Estiloa, ostera, askotarikoa da, Año nuevo kantu nahasitik hasi eta emozinoz betetako La luz-era. Tangoa, amerikana... be topauko ditu entzuleak disko barrian.

Peico zuzenean entzuteko aukerea be egongo da hurrengo asteetan. Lehenik eta behin, Bilbon joko dau, Hacería aretoan, hil honen 8an, barikuan. Zezeilaren 15ean Burlatan izango da Peio Sanzen bandea, eta 23an, Iruñean. Martian, Tolosan, Irunen eta Lizarran emongo ditu kontzertuak, eta apirilean, Elizondon eta barriro Iruñean. Diskoan zintzotasuna bilatu dau Peicok. Hartara, grabazinoan entzuten dana kontzertuetan be jasoko dabe entzuleek, ezelako tranpa barik, baina zuzenekoaren magiaz jantzita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu