Ikusi eta Ikasi, dobako ikuskizun eta tailerrak Bilboko umeentzat

Bizkaie! 2019-02-01 13:49   Kulturea

Euskerazko jarduerak uriko auzoetara eroaten dituan programeak 15. edizinoa beteko dau.

Topaguneko Aitziber Onaindia eta Udaleko Koldo Narbaiza (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak eta Topaguneak Ikusi eta Ikasi egitasmoaren 15. edizinoa aurkeztu dabe, udaletxean egindako agerraldian. Maiatzaren 16ra bitartean, 31 ikuskizun eta 44 tailer antolatu ditue uriko zortzi barrutietan, 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat. Jarduera guztiak euskeraz dira, eta doban.

Era horretara, Bilboko neska-mutilek euskerazko astialdirako eskaintza zabala izango dabe: Euskeraz berba egitea ondo paseteagaz lotuko dabe. Jarduerak honako lekuetan egingo dira: Begoña, Basurtu, Errekalde, Castaños, Deustu, Santutxu, Zorrotza, Olabeaga eta Abandoko udaltegietan; Ibaialdeko liburutegian; Euskerearen Etxean; Atxuriko Auzoetxean; Indautxuko El Carmen Aretoan; Zamakolako Juan Delmas eskoletan; Miribillako Iruartetan; eta Epaltzaren Alargunaren kalean.

Ikuskizunei jagokenez, aurreko urteetako bideari eutsiko deutsie: Magia, ipuin-kontalariak, zirkua, jantzea eta abar. Ikuskizunen egitaraua, hemen.

Lantegietan be egongo da non aukeratu. Esate baterako, Contact Kids izenekoan umeek eta gurasoek hartuko dabe parte, alkarren arteko konfiantzea hobetzeko. Sorkuntzea, erritmoa zein zientziak lantzeko tailerrak be egongo dira, baita panpinak egitekoa be. Tailerren egitaraua, hemen.

Programako azken egunean, maiatzaren 16an, Ikusi eta Ikasiren 15. urteurrena ospatzeko jai berezia egingo dabe, Indautxuko El Carmen aretoan. Antzerki musikala egingo dau Epa Txiki taldeak. Opariak zotz egingo ditue, ganera.

Ikusi eta Ikasiren programazinoa Euskerea Garatzeko Bilboko Udalaren Ekintza Planaren arabera dago atonduta. Hizkuntzearen transmisinoa, kalidadea eta zerbitzua dira helburuak. Igazko edizinoan 5.000 neska-mutilek hartu eben parte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu