Basoa guneko programazinoaren barri emon dau BBK Live-k
2019-01-31 11:49 MusikeaJaialdiaren zoramenetik aparteko giroa eskainiko daben 15 artista etorriko dira.
Basoa gunea laugarren aldiz ipiniko dabe Bilbao BBK Live jaialdiko agertoki nagusiakaz batera, Kobeta mendian. Urteotan, publikoaren eta adituen oneretxia batu ditu Basoak, Festival of the Future saria be irabazi eban. Hori dala eta, aurtengo edizinoan programazino indartsu eta erakargarria atondu dabe, gunearen filosofiagaz bat datorrena: Deskonexinorako leku bat emotea, jantzan egin eta musikeari bestelako etekina ateratzeko.
Estimulu gehiegiko garai honetan, deskonektetea pribilegioa da, dinoe antolatzaileek. Basoa izeneko gunean basoa eraldatu eta iges egiteko tenplu bihurtzen da. Jantzarako musikea beti izan da mekanismo askatzailea eta interferentzia digitaletatik askatzeko be balio leike.
Ohiko moduan, musika elektronikoa eta DJak izango dira Basoa guneko programazinoaren ardatza. 15 artista konbidau ditue, tartean mundu mailako izarrak. Zerrendan Laurent Garnier nabarmentzen da, Europako techno eta house musiken historia bizia, 35 urte daroaz horretan. Ezin da ahaztu John Talabot be, doinu barrien bilatzaile kantsau ezina; igaz Basoan egindako saio ahaztuezinaren ondoren, aurten barriro etorriko da Basoaren azken egunera.
Bestetik, Honey Dijon house musikearen erdigunetik dator, Chicagotik, genero hori menperatu egiten dau soinu indartsu, ausart eta konplexu bakoari esker. Todd Terje dj set be Bilbon izango da, Ragysh eta Inspector Norse himnoen sortzailea; Midland, bere aldetik, Mixmag eta antzeko bitarteko espezializaduen azalean agertu da azkenaldion. Eta Bicep dj set bikotea, 1990eko hamarkadako Orbital, Prodigy eta The Chemical Brothersen bidearen jarraitzailea da.
Horreez gan, Alicia Carrera, Álvaro Cabana, Courtesy, DJ Dustin, DJ Seinfeld, Ketiov, Midland, Moxie, Octo Octa eta Tama Sumo selektoreek hartuko dabe parte Basoan. Saio luzeak eskainiko ditue, kantak alkarregaz buztartuaz istorio musikalak sortu ahal izateko.
Honenbestez, 2019ko Bilbao BBK Liven egitaraua gero eta zehaztuago dago. Garagarrilaren 11tik 13ra egingo dabe jaialdia, Bilboko Kobetan. Momentu honetan, hiru egunetarako bonoak 145 euroan dabiz saltzen, eta 160 euro pagauta, kanpinerako eskubidea dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!