2019ko Bilboko Aratusteak iragarteko sei kartel finalistak kalean

Bizkaie! 2019-01-31 08:01   Kulturea

Aratusteak zezeilaren 28tik martiaren 5era bitartean izango dira.

El cuento de la niña sardina, Sardinita disfrazada, La Carola, Sorgina, Mon Txerri, eta La dama del carnaval te observa dira Bilboko Aratusteak iragarteko kartelen lehiaketako finalistak. Holan erabagi dau gaur goizean batutako epaimahaiak: Itziar Urtasun (Jaietako Batzordeko burua eta Bilboko Udaleko Jaietako Saileko Zinegotzia); Asier Abaunza eta Beatriz Marcos zinegotziak; Myriam Artola, Muxote Potolo Baten bultzatzaile, sortzaile eta CEOa; eta Mikel Martinez (Farolin eta Zaranbolas 2018); Bilboko Konparsak-en ordezkari bat eta Julio Arrieta (El Correo) eta Ane Zabala (Bilbo Hiria Irratia) kazetariak.

Horreetako bat izango da uriko aratusteak iragarriko dituana. Aratusteak zezeilaren 28tik martiaren 5era izango dira, sei egun jai-giroan, edade guztietako publikoarentzat antolatutako jardueretan parte hartzeko. Kartel finalistak erabagiteko, epaimahaiak kontuan hartu ditu kartelaren kalidade teknikoa, originaltasuna edo emoitza sortzailea.

Aurkeztutako 83 kartelen artean aukeratu ditue finalistak. Aurten igazko kopurua bikoiztu egin da. Aurkeztutako kartel gehienak Bilbokoak dira. Baina badira Nafarroatik, Gasteiztik, Murtziatik, Valentziatik, Aragoitik, Kataluniatik, Extremaduratik, Leonetik, Madriletik, Andaluziatik eta Tenerifetik be heldutakoak.


Herritarren botazinoa

2019ko Aratusteetako irudi irabazlea sistema mistoaren bidez aukeratuko da; herritarren botazinoak (% 75eko balioa izango dau) izango dau indarrik handiena. Ganerako % 25 epaimahaiaren botoen araberakoa izango da.

Herritarrek urtarrilaren 31tik zezeilaren 6ra bitartean emon leikie botoa. Botoa emoteko agiriren bat erakutsi beharko dabe: NAN, gidabaimena edo antzekoa. Botazinoa egiteko modu ezbardinak dagoz:

Presentziala, Euskal Museoan, han egongo baitira erakusgai kartel finalistak irabazlea aukeratu arte. Urtarrilaren 31tik zezeilaren 6ra parte hartu ahal izango da, ordutegi honetan:

Astelehen, eguazten, eguen eta barikuetan, 10:00etatik 19:00etara.
Zapatuetan: 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara.
Domeketan, 10:00etatik 14:00etara.
Martitzenetan: asteko atseden-eguna.

Online botazinoa, Bilboko Udalaren webgunearen eta hedabide laguntzaileenen bidez.

Irabazleak 2.000 euroko saria jasoko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa