Bertoko zein kanpoko obrak, 42. Eibarko Antzerki Jardunaldietan

Bizkaie! 2019-01-30 13:31   Kulturea

Zezeilaren 23an hasiko da zikloa, Concha Velasco aktorearen berbaldi bategaz.

Antolatzaileak eta erakundeetako ordezkariak, udaletxean egindako aurkezpenean (argazkia: Eibarko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Askotariko egitaraua atondu dabe Eibarko Antzerki Jardunaldien 42. edizinorako. Ume zein helduentzako eskaintzea, arte eszenikoen beste adierazpide batzuk eta euskerazko zein gaztelaniazko obrak dagoz programazinoan. Zezeilaren 23tik apirilaren 7ra bitartean, 18 antzezlan eta 20 emonaldi atondu ditue. Tartean dagoz Euskal Herrian lehenengoz ikusiko diran zazpi lan.

Udaletxean egindako aurkezpenean egon dira Eibarko alkate Miguel de los Toyos, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputadua eta Juan Ortega Antzerki Jardunaldien antolatzailea.

Jantzea, keinu bidezko antzerkia, magia eta zirkua ikusi ahal izango dira, eta berbazko ohiko teatroaren kasuan, lau obra euskeraz izango dira, bederatzi gaztelaniaz. Eibarrera etorriko diran aktore ezagunen artean, Concha Velasco (El funeral obreagaz), Miguel Rellán (7 años) eta Gabino Diego (El desguace de las musas) dagoz.

Izar handiakaz batera, antzerkigintza amateurrean eta unibersidade girokoan dabizan taldeak be konbidau ditue Eibarrera, Antzerki Jardunaldiek betidanik Unibersidade Laborala zanagaz izan daben loturearen erakusgarri. Narruzko Zezen taldearen La comedia de Carla y Luisa estreinaldia nabarmendu leiteke ikasle-taldeen eskaintzatik.

Aktoreen eta produktoreen arteko hartu-emonaren inguruko berbaldi batek zabalduko ditu 42. Jardunaldiak, zezeilaren 23an. Concha Velascok eta Jesús Cimarrok egingo dabe berba. Bestetik, jarduera osogarrien bidez, jaialdia Eibarko kaleetara aterako dabe. Berbarako, martiaren 1ean, Giza Estatuen XVII. Topaketea egingo dabe Untzaga plazan eta Toribio Etxebarria kalean, Europako eta Ameriketako artista eta guzti.

Antzezlanak, ohiko moduan, Coliseo Antzokian eta unibersidadean izango dira. Sarrerak salgai ipiniko ditue zezeilaren 2an, Coliseoko lehiatilan. Egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu