Hutsa bikote akustikoaren agurra

Bizkaie! 2019-01-30 11:06   Musikea

Zortzi urteko ibilbidean lau disko plazaratu ditu.

Beste konpromiso batzuei lehentasuna emonaz, behin behineko etenaldia egitea pentsau eban Hutsa bikote akustikoak orain dala denpora bat. Sare sozialen eta interneten bidez gaur zabaldutako oharrean jakineragin dabenez, baina, eten hori behin betikoa izango da. Maria Rivero eta Eriz Perez dira Hutsako kideak, eta proiektua alboratzeko unea dala erabagitean bat etorri dira.

Oholtzara bueltetako asmoa euki dabela ziurtatu dabe, baina bizitzeak beste leku batzuetara eroan dituala. Arrazoi asko dagoz erabagi honen atzean, batzuk geureak eta erabagi personalek eragindakoak, gure sormena eta gure nahiak beste proiektu batzuetan daukaguz eta Hutsa maite dogun arren ez deutsagu merezidu dauen denporea eskaintzen, dino oharrak.

Arrazoi personalez gan, bestelako trabak be topau ditue proiektuari eusteko. Maitasun eta mimo handiz egiten doguzan lanak duintasunez zuzenekora eroatea oso gatxa da, plazak eta baldintza egokiak topetea gure herri honetan geroz eta gatxagoa da musikari askorentzat eta honek, jakina, nekea ekarten dau eta gure bidean eragina izan dauela ezin dogu ukatu.

Urte honeetan guztietan alboan izan dituen zale guztiei eskerrak emon deutsiez Riverok eta Perezek. Agurreko kontzertua antolatuko dabela agindu dabe, bideari amaiera ederra emoteko. Dana dala, bata eta bestea beste proiektu batzuetan ikusteko aukerea izango dabe, aurrerantzean be, musikazaleek. Esate baterako, Maria Rivero Siroka taldean dabil buru-belarri.

Hutsa taldea 2010ean sortu eben Riverok eta Perezek, formatu akustikoak emoten dituan bide barriak lantzeko asmoz. Bersinoak egiten hasi ziran arren, azkenean makina bat kantu sortu ditue. Lau disko daukaz Hutsak argitaratuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu