Badatoz II. EmakumeOn topaketak

Bizkaie! 2019-01-30 08:05   Kulturea

Helburua da emakumeek ikus-entzunezkoen sektorean beteten daben zeregina ezagutzera emotea.

Lehenengo aldiak batutako erantzun bikainaren ondoren, Bilbon izango dira II. EmakumeOn jardunaldiak, emakume sortzaileek ikus-entzunezkoen eremuan beteten daben zeregina erakutsi eta gogoetea egiteko. Ekitaldi hau Bilboko Udalak sustatua da, Floston Kultur Alkarteagaz batera, eta Bilborocken izango da, arratsaldeetan, urtarrilaren 30ean (eguaztenean) eta 31n (eguenean): Mahai-inguruak, proiekzinoak, umorezko bakarrizketak, musikaz lagundutako ipuinak, playback-lehiaketea eta networking-Dj musika-saio bat izango dira, besteak beste.

Eztabaidatuko diran gaien artean nabarmentzekoak dira Emakumeak ekintzazko zineman – Otsoen Lurraldean , Sofia Zalliok eta Ane Lindanek parte hartuko dabelarik, besteak beste, eta Emakumeen egoerea gaur egun ikus-entzunezkoen eremuan; Izaskun Arandia, Iera Díaz eta Rose of Dollsek parte hartuko dabe. Horrezaz gan, Olatz Beobide eta Amaia Lizarraldek be Gutarrak webseriea aurkeztuko dabe, eta Ane Lindanek umorerik garratzena erabiliz egingo dau bakarrizketa bat.

Ganerakoan, parte hartuko dabe Gakian youtuberrak eta Erika Likete komedianteak, playback lehiaketea bat be izango da eta networking + music DJ saio bat be bai, Koala Rabiosok eta Naty Penadasen eskutik; eurek emongo deutse amaierea jardunaldiei.

Emakume-on bigarren aldiko ekitaldiak arratsaldean izango dira, urtarrilaren 30ean (eguaztena), 18:30etik 22:00etara, eta urtarrilaren 31n (eguena) 18:30etik 24:00etara.
Sartzea doban da, lekua bete arte.


Ideak Martxan

EmakumeOn ekimena Ideak Martxan programearen barruan sortu da. Bilboko Udalak gazteentzako sustatutako programea da, helburu dauena gazteakaz alkarguneak sortu eta eurek partaide izatea Udalaren programazinoan.

Ideak Martxan programea 14-35 urteko gazteentzat da, eta proposamenak banaka edo taldeka aurkeztu daitekez; taldeko kide bat gutxienez Bilbon erroldauta egongo da.

Programan parte hartu nahi dabenek urteko edozein unetan bialdu leikiez euren proposamenak, bilbaogazte.bilbao.eus web orriaren bidez nahiz mezua bialduta ideiakmartxan@bilbao.eus helbidera.

Proposamenak jaso ondoren, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko teknikariek proiektuak jorratuko ditue egileakaz batera, bideragarritasuna aztertu eta egiteko modukoa bada, egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu