Eneko Aizpuruak irabazi dau Tene Mujika Saria
2019-01-29 12:18 KultureaIdazle lazkaotarrak irabazi dau 2019ko Tene Mujika bekea.
Eneko Aizpurua idazle lazkaotarrak irabazi dau 2019ko Tene Mujika bekea, Bidasoa ibaian gora egindako bidaia baten harira memoria kolektiboan lekua daben edo izan behar leukien hainbat istorio kontetako proiektu bategaz. Euskal Herriko hurreko historiaz idazteko ez-fikzinozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Aizpuruarena emon dau irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Aitor Zuberogoitiak osotutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango dau kazetariak lana amaitzeko, gero liburua argitaratu ahal izateko.
Bidasoa pasabide naturala da, baita estadu bi bereizten dituan mugea be, eta horrek esanahi berezia emon deutso historian zehar, era askotako jazoeren lekuko eta kokaleku bihurtu baita. Horreetako hainbat gogoratuko ditu egileak, oinez hainbat egunez egindako ibilbidean barrena. Adibidez, Guardia Zibilak Intxaurrondoko kuartelean heriotzaraino torturautako Mikel Zabalzaren gorpua Endarlatsan agertu zanekoa, edo handik zenbait urtetara ETAk paraje berean Eduardo Lopez polizia bonba batez hil ebanekoa; frankismo garaian personen muga-igaroleku ilegal eta arriskutsua izan zan, eta ahalegin horretan bertako uretan itota hil ei ziran ehunka lagun, gehienak portugaldarrak; Pio Barojak eta Aitzolek gerra zibilaren hasieran Beratik Lesakara bidean topo egin ebenekoa kontauko da, baita gerra zibil horrexetan inguru horretan jazotako fusilamendu ugariak be, edo gerraostean esklabo behartuek egindako herri-lanak gomutara ekarri, beste gai askoren artean.
Eneko Aizpurua
Lazkaon sortu zan 1976an. Zuzenbidea ikasi eta gaur egun itzultzailea da Nafarroako Unibersidade Publikoan. Orain arte hiru nobela kaleratu ditu, genero baltzekoak gehienbat: Errauts (2011), Herensuge gorriaren urtea (2013) eta Lehertu da festa (2016). Horrezaz gan, itzulpen literarioak zein bidaia-erreportajeak idatzi eta kaleratu ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!