'Ipuina.eus' jaio da

Bizkaie! 2019-01-29 08:07   Kulturea

XIX. mendetik gaur arteko euskerazko ipuinak batuko ditue webgunean.

Susa argitaletxearen Armiarma proiektuaren emoitzarik barriena da ipuina.eus, euskerazko narrazinoen bilgune eta agertokia. Euskal literaturan genero inportantea izan da ipuinena, webgunearen sortzaileen arabera, eta izan dauen garrantzia eta bilakerea aztertzeko asmoz sareratuko ditue kontakizunak.

Ahozkotasunetik datorren generoa da ipuinarena, baina sariketei eta aldizkariei esker papelera salto egin dau. Tradizionala eta moldagarria da aldi berean, laburtasunak emoten deutso malgutasuna. Ume, gazte zein helduen gustuetara egokitzeko gai da ipuina, eta gai ugari lantzeko aproposa. Aberastasun ezezaguna da hori, baina, webgunearen arduradunen esanetan.

Dagoeneko martxan dago ipuina.eus, lehenengo 21 aleak irakurri leitekez. Dana dala, hilero-hilero ipuin gehiago sartzea da asmoa, bilduma zabal eta askotarikoa osotu arte. XIX. mendetik gaur egunera arteko kontakizunak batuko ditue, gehienbat autore ezagunek idatziak, baina baita horrenbesteko osperik ez daukienen batzuk be.

Koldo Izagirre dabil webgunerako ipuinak aukeratzen. Horretarako, iturri ugari erabiliko ditu: Ipuin-liburuetan argitaratu izan diranak sartuko ditu, jakina; baina baita aldizkarietan edo bestelako argitalpen batzuetan agertu izan diranak be.

Katua da ipuina.eus-en ikurra, euskal ipuin ugaritan agiri dan animalia dan ezkero: Julene Azpeitiaren Poussy gaxua!, Txomin Peillenen Gatu beltza, Mario Onaindiaren Gau ipuinak liburuaren azala eta Inazio Mujika Iraolaren Itoak ur azalera bezala aitatu leitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu