'Munduko talderik onena' erakusketa ibiltariaren azkena

Bizkaie! 2019-01-28 07:50   Kulturea

Urtarrilaren 29tik zezeilaren 16ra, Errekalde, Zorrotza eta Basurtuko establezimenduetan izango da erakusketea.

Bilbo erdialdeko eta Corte Ingles inguruetako 44 dendatan eta auzoetan ibilitako erakusketearen azken fasea hasiko da Athletic Clubaren historian eredu izandako bitxikeri, jokalari, partidu edota personei gainbegiradea, Tomas Ondarrak idatzitako El mejor equipo del mundo liburuaren 50 irudi zabalduz.

Pasa dan irailean bilbaoDendak alkarteak Athletic taldearen pasinoa denda eta ostalaritza establezimenduetan zabaltzeko antolatutako Munduko talderik onena erakusketa ibiltariaren azken aurreko etapea Otxarkoaga, Txurdinaga eta Santutxu auzoetako taberna eta saltokietan izan da eta ondoren, urtarrilaren 29tik zezeilaren 16ra, Errekalde, Zorrotza eta Basurtuko establezimenduetan. Erakusketa ibiltariari barriro hasierea emoteko, bilbaoDendak merkataritza eta turismo jarduerea sustatzeko alkarteak Zorrozako Udaltegian (c/Clara Campoamor nº 1) atondu dau, hilaren 28an, 19:00retan, Carlos Ranedo liburuaren egilea eta Tomás Ondarra ilustratzailea batuko dituan saioa; eurekaz batera egongo dira Athletic Club-eko jokalariak izandako José Ángel Iribar, Andoni Goikoetxea eta Rafa Alkorta.

Erakusketa Ibiltaria pasa dan irailean aurkeztu eban bilbaoDendak-ek, eta ordutik, Abando, Deustu, Uribarri eta Alde Zaharra auzoetan ibili da. Saltoki eta ostalaritza establezimenduetan ikusgai egongo diran 50 estanpa dira guztira, lehengo eta egungo jokalari mitikoak, sasoi batean garrantzitsuak izandako entrenatzaile, presidente eta zale ospetsuak, estadio zaharra zein barria eta Clubaren ehun urteko historiak dauen anekdota-bildumea.


Liburuen eta Kutxabank Athletic Esperientzia zozketea

Historia eta anekdota-bilduma erakustaldiaz gan, horri lotutako zozketeta bitan parte hartzeko aukerea dago; alde batetik, erakusketa denporaldian edozein saltoki alkartuan erosketen bat egiten dabenek, El Mejor Equipo del Mundo liburuaren 50 aleen zozketan parte hartu ahal izango dabe; 25 liburuko zozketa bi antolatu dira, erakusketa bakotxari jagokon epean (urtarrilaren 27ra arte Otxarkoaga, Txurdinaga eta Santutxun, eta urtarrilaren 29tik zezeilaren 16ra Errekalde, Zorrotza eta Basurtun). Parte hartzeko www.bilbaodendak.eus webgunean sartu eta formulario orria bete besterik ez da egin behar.

Beste alde batetik, bilbaoDendak eta Kutxabank-ek Athletic esperientzia sortu dabe merkatari zein bezeroentzako, egun ahaztezinaz gozau deien. Horretarako, antolatutako zozketaren batean parte hartu eta ganera Kutxabank bezeroak diranen artean, persona birentzako sei Kutxabank Athletic Esperientzia zozketatuko dira. Sariak futbol-egun oso batez disfrutetako aukerea emoten dau, San Mames zelairako sarrerea, Azurmendi Jatetxean bazkaria eta bestelako hainbat sorpresa. Euren saltokia zuri-gorri gaiagaz ondoen apaintzen dabenek be, Kutxabank Esperientzia lortzeko aukerea izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu