Kulturan egiten dan gastu publikoa krisi aurreko mailara heldu da EAEn
2019-01-25 12:32 KultureaKulturearen Euskal Behatokiak dino, administrazinoek 428 miloe euro erabili zituela 2016an.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazino publikoen kulturako gastua suspertu egin da krisi ekonomikoaren ondoren. Hori izan da Finantzaketa eta gastu publikoa kulturan Euskal Autonomia Erkidegoan azterlanaren ondorio argiena. Kulturearen Euskal Behatokiak egin dau txostena, udalek, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzeak 2016an kulturan egindako gastu konsolidatuaren eta likidatuaren analisitik abiatuta.
Azterlanaren arabera, 2016an euskal administrazinoek kulturan egindako gastua 428,9 miloe eurokoa izan zan, bataz beste biztanleko 197,4 euro. Neurketak egiten diranetik, gastu txikiena 2012an egin zan, eta igoera nabarmena egon dala ikusi dabe 2016ko datuetan. Ganera, 2008an hasitako beherazko jokereari bueltea emon jako.
Eusko Jaurlaritzeak % 2,2 igon dau bere gastua 2008ko datuagaz konparauta. Foru aldundiek % 2,8 gehiago bideratu eben kulturara, 2014tik 2016rako tartean. Alor kulturalei jagokenez, proportzinoetan ez da aldaketa handirik egon azkenaldion. Diruaren erdia baino gehitxuago arteetara eta industrietara doa, lauren bat ondarera, eta ganerako atalen artean banatzen da beste guztia.
Kulturako enplegu publikoetan ez da hobekuntza handirik egon. Txostenean jasoten danez, EAEko administrazino publikoetan kultureari lotutako ia 2.900 lanpostu propio dagoz. Hori 2010ean baino % 5,6 gehiago da. Kulturearen Euskal Behatokiaren ondorioa da, krisiak ez deutsela kalterik egin enplegu horreei, baina urtetik urterako igoerea moderadua izan dala.
Zehaztasun gehiagorako, azterlanaren laburpena, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!