eLiburutegiak 29.000 erabiltzaile baino gehiago izan ditu 2018. urtean

Bizkaie! 2019-01-24 13:09   Kulturea

2018an, ia 7.000 erabiltzaile barri lortu ziran.

Euskadiko liburutegi digitalak, eLiburutegiak, urtean zehar izandako 29.134 erabiltzailegaz eta 57.180 mailegugaz ‒aurreko urtean baino 11.724 mailegu gehiago (% 25,6 gehiago)‒ amaitu dau 2018. Joan dan urtean eskaera handiena izan eben hiru argitalpenak ondokoak izan dira: 19 Kamera, Jon Arretxerena; Ezekiel, Jasone Osororena, eta Patria, Fernando Arambururena. Joan dan urtean eskaera handiena izandako 15 maileguen artetik zortzi euskerazko argitalpenak dira eta ganerako zazpiak gaztelaniazkoak. eLiburutegiak eskaintzen dituan filmeei jagokenez, eskaera handiena izandakoak dira Amama, Asier Altunak zuzendua; Loreak, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendua, eta hirugarrena, Ozzy animazio-filma, Alberto Rodriguezek eta Nacho la Casak zuzendua.

Estaduko liburutegi digital garrantzitsuena dan eLiburutegia atariak 2018an izan dau azken urteetako hazkunderik handiena; 6.901 erabiltzaile barri gehitu jakoz, eta gainditu egin ditu 2017ko eta 2016ko kopuruak. Ganera, 2018an, eLiburutegiak gainditu egin dau bere mailegu-errekorra: 57.180 mailegu, aurreko urteko 45.456 maileguen aldean (aurreko errekorra). Filmak eta audioliburuak Daisy formatuan eLiburutegira gehitzearen aldeko apustua izan da erabiltzaile eta mailegu gehiago lortzea eragin dauen faktoreetako bat, izan be, erabiltzaileen eta maileguen kopurua nabarmen gehitu zan bagiletikk aurrera, urtea amaitu arte, hain zuzen be filmen maileguari ekin jakonetik. Mailegu gehien izan ziran 2018ko hilebeteak, hurranez hurran, ondokoak izan ziran: urria (5.899 mailegu), garagarrila (5.282), bagila (4.956) eta abendua (4.916).

Aurten maileguan emondako aurreneko hiru obren ondoren ‒guztiak euskal autoreenak (Arretxe, Osoro eta Aramburu)‒ ondokoak be badagoz lehenengo bost postuetan: Las hijas del capitán, María Dueñasena, eta Bihotz handiegia, Eider Rodriguezena. Bestalde, nabarmendu behar da Jasone Osorok eta Jon Arretxek beste hiru lan dituela gehien mailegatu diran 15 lanen artean. Osororen kasuan, Ezekiel nora ezean eta Eskularru beltzak dira; era berean, Arretxeren 19 Cámaras (19 Kamera-ren gaztelaniazko itzulpena) 14. postuan dago.

2018an gehien mailegatutako liburuen artean, euskerako liburuei erreparauta, gehien mailegatu diranen artean agertzen dira Jenis Joplin, Uxue Alberdirena, eta 612 euro, Jon Arretxek idatzia. Era berean, gehien mailegatu diran gaztelaniazko 10 lanen artean dagoz Luz Gabásen Regreso a tu piel, Eva García Sáenz de Urturiren El silencio de la ciudad blanca eta Marcos Chicoten El asesinato de Sócrates.

2018an gehien mailegatutako gaztelaniazko 10 liburuen artean dagoz, Patria – Fernando Aramburu; Las hijas del Capitán – María Dueñas; eta Los pacientes del doctor García – Almudena Grandes.


Filmen mailegua

Igazko bagiletik eLiburutegiko erabiltzaileek filmak maileguan hartzeko aukerea dabe eta, ordutik, bi izan dira gehien mailegatutakoak: Amama, Asier Altunak zuzendua; eta Loreak, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarena. Horreen ostean gehien mailegatu diranak El Grúfalo, Max Lang eta Jakob Schuhena, eta Ozzy filmaren euskerazko bersinoa, Alberto Rodriguez eta Nacho la Casarena.


Danetara, 16.400 liburu ezbardin izatez gan, eLiburutegiak 1.800 pelikula eta Daisy formatuko 600 audioliburu inguru ditu. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren helburua da laster 2.000 film izatea eta horreen artean 300 inguru euskeraz izatea. eLiburutegia liburutegi digitala, Estaduko garrantzitsuena, 2014ko zemendian sortu zan, egile-eskubideak babesten dituan eduki digitalen konsumo antolatua eskaintzeko. Eusko Jaurlaritzeak dauka mailegu bakotxeko zenbateko bat ordaintzeko ardurea eta, holan, erabiltzaileei kultura-eduki digitaletara doban sartzeko bidea eskaintzen deutse. Filmen kasuan, eFILMegaz lortutako akordio bati esker, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, batez beste, 50 zentimo ordaintzen ditu mailegu bakotxeko.

Liburutegi digital hau erabili ahal izateko, erabiltzaileak altea emon behar dau Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko (EISP) liburutegi publikoren batean. Holan, liburutegiko txartelaren bidez, erabiltzaile-izena eta sarbide-gakoa izango ditu; holakorik euki ezean, EISPko liburutegi batera joan daiteke eskatzen. Euskadiko Irakurketa Sare Publikoak ia miloe bat erabiltzaile ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu