Bost gradu bikotx barri eta prestakuntza duala EHUn

Bizkaie! 2019-01-23 09:40   Kulturea

Barritasun ugari dakarz 2019-2020 ikasturteak.

Oraindino ikasturtearen erdian gagozan arren, hurrengo kursoko eskaintzea atontzen ibili da EHU, eta barrikuntza nagusien barri emon dau. Atal nagusi bitan datoz barrikuntza nabarmenenak: Gradu bikotxetan eta ikasketak eta lana buztartzeko ikasketa dualetan.

Alde batetik, bost gradu bikotx barri jarriko ditu martxan unibersidade publikoak. Gradu horreen bidez, ikasleak titulu bi atera leikez aldi berean. Honeek dira bost gradu bikotx barriak: Farmazia + Giza Nutrizinoa eta Dietetikea; Enpresen Administrazinoa eta Zuzendaritzea + Kudeaketearen eta Informazino Sistemen Informatikearen Injinerutzea; eta Injinerutza Mekanikoa + Enpresen Administrazinoa eta Zuzendaritzea (hirurak Arabako Campusean); Negozioen Kudeaketea + Lan Harremanak eta Giza Baliabideak (Bizkaiko Campusean); eta Enpresen Administrazinoa eta Zuzendaritzea + Zuzenbidea (Gipuzkoan).

Nazinoarteko gradu bikotxen eskaintzea be handituko dabe. Ikasleek titulu bat EHUn ateratzen dabe, eta bestea atzerriko unibersidaderen baten. Era horretako 30 gradu baino gehiago dagoz.

Bestetik, EHU aitzindaria da unibersidadea-enpresa formakuntzearen atalean. Aurreko urteetako jokereari eutsi, eta 2019-2020 ikasturtean prestakuntza dualerako aukera zabalagoa izango dabe ikasleek.

Hizkuntzen atalean be barrikuntzak dakarz hurrengo kursoak. Batetik, Medikuntza Gradurako sarbidea hizkuntzearen arabera banatuko dabe: Izena emoterakoan, euskerea edo gaztelania aukeratu ahal izango ditue ikasleek. Bestetik, EHUn gero eta aukera zabalagoa egongo da ikasgaiak ingelesez emoteko.

Hiru campusetan egingo diran orientazino saioetan aurkeztuko dau EHUk hurrengo ikasturteko eskaintzea. Donostian (urtarrilak 26), Gasteizen (zezeilak 2) eta Bilbon (zezeilak 9) izango dira hitzorduak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu