Arriaga Antzokiak Tamara Gutiérrezen 'Galerna'-ren estreinaldia jasoko dau

Bizkaie! 2019-01-21 12:48   Kulturea

Urtarrilaren 22an eta 23an, estreinaldi nagusia izango da.

Arriaga Antzokiak 2019ko lehenengo erabateko estreinaldia jasoko dau: Galerna, hain zuzen be, Tamara Gutiérrez dramaturgo gaztearen antzezlana, Antzerkigintza barriak/Nuevas dramaturgias proiektutik sortua, bertan eszenaratzeko aukeratua izan baitzan. Orain, Ramón Barearen zuzendaritzapean, agertoki gainean errealidade bilakatzekotan dago. Urtarrilaren 22an eta 23an, estreinaldi nagusia izango da Arriagan.

Produktoreak, Antz3rkiz izeneko proiektuan inplikautako Euskadiko hiru antzokiak dira, Arriaga Antzokia, Donostiako Victoria Eugenia Antzokia eta Vitoria-Gasteizko Principal Antzokia, hain zuzen be. Orain, hiru horreekaz bat egin dau Pabilioi 6 Aretoak; han ibili diralako antzezlana prestatzen eta han antzeztuko dabe Arriagako estreinaldiaren ondoren: zezeilaren 1, 3. 8, 9, 10, 15, 17, 23 eta 24an.

Galerna, Tamara Gutiérrez egile gaztearen ikuspegiaren eta zuzendaritzatik Ramón Barea beteranoak egiten dauen ekarpen eszenikoaren arteko nahasketea ikusteko aukera bikaina da. Antzezle taldean be gazteria eta beteranotasuna buztartzen dira, eta Xabier Barrutiak, Vene Herrerok, Jon Ariñok, Nahikari Rodríguezek eta Yeray Vázquezek osotzen dabe. Eurak emoten deutsie bizia Galerna laneko familiari.


Familia

Galernak familia egitura sozial horri begiratzen deutso. Kromoen album bateko kromo errepetidua da familiako tragedia. Munduaren hondamenaren irudikapena da familia eskala txikian. Tragedia bardinak errepetiduten dira familia guztietan. Baieztapen hori askotan eztabaidatu da eta zoragarriena da mundu guztiak dakiela. Albuma osotzen daben kromo guztiak ondokoak diran:

1. Kromoa: Familia guztietan dago suizidioren bat.
2. Kromoa: Familia guztietan dagoz minbizi kasu bi.
3. Kromoa: Familia guztietan dago sexu abusuren bat.
4. Kromoa: Familia guztietan dagoz bi, ia hiru, alkohol arazo kasu.
5. Kromoa: Familia guztietan izan da eta ezkutatzen da etxeko indarkeria kasuren bat.
6. Kromoa: Familia guztietan dago baten bat dirua putetan gastetan dauena.
7. Kromoa: Familia guztietan dago homosexualen bat isilean.
8. Kromoa: Familia guztietan izaten dira gauzak inoiz ez jakitea hobe diranak.


Tamara Gutiérrez esana

Bere urtebetetze egunean, Tomasek Polaroid bat jasoko dau eta familia-argazki bat ateratzen saiatuko da, errebelatzea lortuko ez dauen argazkia. Testu hau 2016ko udan hasi zan nire buruan egituratzen, zoritxarreko urte haretan, hain zuzen, hainbat ume eta neraberen suizidioak jazo ziran momentuan. Testua, izugarrikeria kasu horreen atzean izkutatzen dan galderatik abiatzen dala uste dot, komunikabideek modurik errazenean erantzuten daben galderea. Antzezlan hau maitasuna, sentimendu hilkorra bihurtu jaken guztiei eskaini nahi deutsiet.


Tamara Gutiérrez

Santander, 1993. Dramaturgo gazteak Valladoliden deskubridu eban antzerkia, bertara joan zalako ikasten 18 urte zituala. Ondoren Madrilen ikasi eban, Unibersidade Konplutensean Filosofian eta RESADen Dramaturgian graduatuz. Hainbat dramaturgo izan ditu irakasle, Itziar Pascual, Yolanda Pallín, Pedro Víllora edo Alberto Conejero, besteak beste. Horrezaz gan, María Velascogaz eta Alfredo Sanzolegaz lankidetzan ibili da. Orain gitxi Egile gazteentzako Agustín González IX. Sariaren finalista izan zan, eta Antzerkigintza Barriak/Nuevas Dramaturgias proiekturako aukeratu eben; horri esker, Galerna testua eszenan ikusi ahal izango dogu orain.


Galerna

- Testua: Tamara Gutiérrez.

- Antzezleak: Xabier Barrutia, Vene Herrero, Jon Ariño, Nahikari Rodríguez, Yeray Vázquez

- Soinu espazioa eta bisualak: Naiel Ibarrola.

- Argiztapena: Eduardo Berja.

- Jantziak: Zapatitos de charol.

- Atrezzo: Abelarda’s.

- Zuzendari merezidunak: Celia Fañanás, Sofia Zaillo (Dantzerti Praktikak).

- Zuzendari laguntzailea: Tania Fornieles.

- Produkzino laguntzailea: Galder Sacanell.

- Produkzino exekutiboa: Pabilioi 6 Aretoan.

- Espazio eszenikoa eta zuzendaritza: Ramón Barea.

- Produkzinoa: ANTZ3RKIZ.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu