Bilbo kopla onenen bila dabil
2019-01-18 10:16 KultureaBilboko Aratusteetako Kopla Txikien Lehiaketan izena emon daiteke dagoeneko.
Datorren zezeilaren 23an, zapatuan, hasiko dira Bilboko Inauteriak, Kopla Txikien Lehiaketa barriaren bosgarren edizinoaren bitartez. Txapelketa errimatu hori Abandoko Kafe Antzokian egingo da, 19:00etatik aurrera. Bertan edozein taldek parte hartu ahal izango dau, alkarte, kuadrilla, bertso-eskola, konparsa, abesbatza edo bestelakoa izanda, hiru baldintza bete ezkero: izena emotea, bost kide edo gehiago izatea; eta partaide danak mozorrotuta jardutea.
Izena emoteko epemugea zezeilaren 10a izango da. Inskripzino-orriagaz batera koplearen letrak be entregau behar dira. Bertsoak euskeraz edo gazteleraz aurkeztu daitekez, beti be jatorrizko kopla eta argitaratu bakoak badira. Erabiliko dan doinua herrikoia edo beren-beregi sortutakoa izan daiteke.
Interesdunek bete beharreko inprimakia topau leikie Bilboko Konparsen webgunean. Modu berean, posta elektronikoaren bidez aurkeztu daitekez inskripzinoa eta letrak honako helbideetara mezua bialduta: bulegoa@bilbokokonpartsak.eus eta baekoralak@hotmail.com. Eskuz edo posta arruntaz be eroan daitekez idazkiak Bilboko Konparsen egoitzara, Zabalbide kaleko 5. zenbakiko lonjara, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Argibide gehiagorako, jo daiteke konparsen federazinora (946 791 306) eta Bizkaiko Abesbatzen Alkartera (944 244 045).
Bilboko Aratusteetako kopla txikiak 1515. urtean dagoz dokumentauta lehenengo aldiz, sindikoak alkateari gutuna bialdu eutsolako, orduko kritiken eta sarkasmoen barri emonez, izan be, Kopla Txikien Lehiaketan zabaltzen dira ironia, sarkasmo, kritika sozial eta politikoa eta, batez be, umore dosi handiak; esangura horretan, Bilboko Aratusteen osogai nagusi horreek musikea, koreografia eta mozorro koloretsu eta ikusgarrien sorta ederrakaz nahasten ditue. Lehiaketea Bilboko Jai Batzorde Mistoak antolatzen dau, Bizkaiko Abesbatzen Alkartearen laguntzaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!