Barriek programako 2019ko erakusketak martxan

Bizkaie! 2019-01-17 13:48   Kulturea

Cristina Gutierrez Meursen artelanak dagoeneko ikusgai dagoz Bilboko Rekalde Aretoan.

Lorea Bilbao eta bost artistak, Cristina Gutierrez Meursen instalazinoaren alboan (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko edo Bizkaian bizi diran artistei bultzadea emoteko helburua dauen Barriek bekeak emoitza ederra ekarri dau aurten be. Hortaz, bekearen laguntzinoagaz beharrean egon diran bost artistaren lanak ikusi ahal izango dira hurrengo hileetan, txandaka, Bilboko Rekalde Aretoan.

Bilboko Foru Aldundiak antolatzen dau Barriek programea urtero eta, beraz, Lorea Bilbao Kultura arloko foru diputaduak gidatu dau erakusketa-zikloa aurkezteko ekitaldia. Bertan izan dira 2019an aukeratutako bost artistak be: Cristina Gutiérrez Meurs, Endika Basaguren, Oihane Iraguen, Irati Urrestarazu eta Pau Figueres.

Ekimenaren helburu nagusia da Bizkaiko sormen-talentuen lana ikusiarazotea eta ibilbide artistikoan laguntzinoa emotea, azaldu dau Lorea Bilbaok. Artistak eta erakusketa batean lan egitearen alor profesionala lotu nahi doguz, hareekaz Rekalde Aretoan lan egiten, esaterako, ganeratu dau.

Barriek programako erakusketak Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan ipiniko ditue, hau da, kristal handien bidez kalera emoten dauen aretoan. Holan, kaleko jenteak be ikusi ahal izango ditu artista gazteen sorkuntzak. Edozelan be, Rekalde Aretoan sartzea doban da.

Lehenengo txandan Cristina Gutierrez Meursen Trapos sucios erakusketea ipini dabe, martiaren 10era arte. Gutierrez Meurs ez da Barriek bekea jaso barri dauen artistea, 4+1 ekimenak dakarren salbuespena baino. Lau artista gazteren alboan, bekea aspaldi jaso eban artista beteranoago bati emoten deutsie aukerea. Modu horretara, Barriek programeak atzera begiratzen dau, eta artistearen garapena aztertzen. Gutierrez Meurs 2005ean izan zan Foru Aldundiaren bekadun.

Genero indarkeria jasan daben emakumeen izenak koloretako korbatetan brodatu ditu Gutierrez Meursek Trapos sucios instalazinoan. Marrazkiak, testuak eta soinuak be badagoz obrearen barruan. Jarduera osogarriak egongo dirala aurreratu dau Rekalde Aretoak, artisteagaz topaketak eta halakoak.

Ganerako lau artistek hurrengo hileetan ipiniko ditue euren erakusketak Kabinete Abstraktuan, txandaka. Azkena Pau Figueres izango da, irailaren 3tik urriaren 20ra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu