Galder Perez eta Chema Trujillo saritu ditu Cafe Bar Bilbaok

Bizkaie! 2019-01-17 13:16   Kulturea

Teatro laburreko gidoien lehiaketearen XVI. edizinoa da.

Cafe Bar Bilbaok eta Tartean Teatroak antolatzen daben antzerki laburreko gidoien lehiaketearen XVI. edizinoak baditu irabazleak. Euskerazko modalidadean, Galder Perezek eroan dau saria, Lurrun-minez lanari esker. Gaztelaniazkoan, Chema Trujillok idatzitako Insider aukeratu dau epaimahaiak.

Sari bakotxeko irabazleek 800 euro jasoko ditue, eta antzezlanak Cafe Bilbaoren webgunean argitaratuko dira. Bestetik, Lautan Hiru Bilboko Zazpi Kaleetako antzerki laburreko jaialdiaren barruan, Galder Perezen Lurrun-minez antzezlanaren irakurketa dramatizadua egingo dabe zezeilaren 7an, Cafe Bar Bilbaon, gaueko 19.30ean. Galder Perezek berak eta Tartean Teatroko kideek egingo dabe irakurketea.

Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko Sariketako aurtengo edizinoan, 28 gidoi jaso ditue. Horreetako hogei gaztelaniazko modalidadean lehiatu dira. Ganerako zortzirak euskeraz izan dira. 2002tik antolatzen da lehiaketea, eta gidoigintzearen eta antzerkiaren munduko jente ezagunak parte hartzen dau sarri. Galder Perezek eta Chema Trujillok aurreko beste edizino batzuetan be irabazi dabe. Beste honeek be irabazle izan dira aurreko urteetan: Arantxa Iturbe, Lutxo Egia, Pako Aristi, Imanol Ituño de Miguel, Teresa Calo, Gaizka Sarasola, Mikel Mikeo, Fredi Paia, Aizpea Goenaga...

Sariketa honen ezaugarri nagusia formatu txikira egokitzen diran antzezlanak bultzatzea da. Horrek esan nahi dau aurkeztutako antzezlanen beharrizan teknikoak eta artistikoak txikiak izan behar dirala, eta banaketa eta produkzino errazekoak. Sariaren beste helburu bat da dramaturgo hasi barriei laguntzea eta antzerkigintzan hasi daitezan animetea.

Gidoi sarituak:

Lurrun-minez (Galder Perez): Hiru maritxuren arteko drama psikologiko, sozial eta sexuala da. Daviden Erreinua izeneko gizonezkoen sauna batean jazoko da ezusteko topaketea. Itxuraz era anonimoan, sexu trukerako espazioa izango da hirurentzako alkargunea. Dibertimendu eta libertimendu izan behar zan ospakizuna, kontraesanek, guzurrek eta minek bustitako lurrunezko gau bihurtuko da.

Insider (Chema Trujillo): Gai deseroso bati, pederastiari, buruzko lana da. Bruno, bakarrizketa honetako protagonistea, bere logelaren intimidadean, 11 urteko neskatxa bat limurtu nahian dabil internet bidez. Sexu-grinaz gan, nabaria da Bruno sutan jarten hasia dala, ikutu biolentoa hartzerainoko haserrealdian dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu