Laja trikitilariari azken agurra

Bizkaie! 2019-01-14 13:53   Musikea

Zapatuan hil zan, eta gaur izango da hiletea, Azkoitian.

Iñaki Garmendia, Laja (argazkia: Argia) CC-by-sa | Ikusi handiago | Argazki originala

Trikitixarako zaletasuna umetan jaso, eta hil arte soinu txikia eskuan ibili zan Iñaki Garmendia Gurrutxaga, ezizenez Laja. Aristerrazuko emonaldi tradizionalean jotekoa zan orain dala egun batzuk, baina ospitalera eroan eben ondoezik. Zapatuan, hilak 12, hil zan.

Azkoitiko Laja baserrian jaio zan 1944an, eta handik hartu eban oholtzako ezizena. Trikitixea joten txikitan ikasi eban. Laja eta Landakanda bikotea ezagun egin zan, alkarregaz makina bat plaza alaitu zituen, baita kantak argitaratu be. Bikotea azken hamarkadetako ezagunenetako bat izan da trikitixa giroan. Lajak eta Landakandak Azkoitiko jaietako txupinazoa bota eben 2016an.

Artean sasoiko egoan arren, 2017ko bagilean omenaldia egin eutsien Lajari Aristerrazuko erromeriako antolatzaileek, Aiako auzo horretan zein Euskal Herriko beste plaza askotan egindako lanagaitik. Hain zuzen be, Aristerrazun agertu zan jentaurrean azken aldiz, aurtengo Errege Eguneko asteburuan.

Lajak trikitixeari itxi deutsan oinordetzarik baliotsuena haren kantak dira. Dana dala, gehiago jakin nahi dauenak Joxemari Iriondok idatzitako biografia mamintsura jo leike. Laja, trikitixaren zubia izenburupean argitaratu eben 2016an, Euskal Herriko Trikitixa Alkartearen bultzadaz.

Iñaki Garmendia, Lajaren omenezko hiletea gaur, astelehena, egingo dabe, 19:00etan Azkoitiko parrokian. Soinu eta pandero hotsean agurtuko dabe musikari ezagunek, eta eleiza barruan be fandangoa joko dabela zabaldu dau Azkoitiko Maxixatzen aldizkariak. Urteeran kalejirea egingo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu